Euskal orkestra eta abesbatza gazteek alkarregaz egingo dabe Neguko Birea
2022-12-21 08:55 MusikeaLau kontzertu emongo ditue, Tolosan hasi eta Bilbon amaituta.
Euskal Herriko Gazte Orkestrea (EGO) eta Euskal Herriko Gazte Abesbatzea (EHGA) bat eginda ibiliko dira hurrengo asteetan, Neguko Birako kontzertuen kontura. Urte berezia da hau EGOrentzat, 25. urteurrena ospatzen dabilelako. 1997an sortu eben, Eusko Jaurlaritzearen ekimenez, euskal musikari gazteen talentua bultzatzeko asmoz.
Neguko Birako kontzertuak abenduaren 30ean hasiko dira, Tolosan, baina aurretik egonaldia egingo dabe EGOko musikari gazteek, Donostiako Musikenen, birako azken prestakuntzak egin eta errepertorioa lantzeko. Erresidentzia artistiko hori hilaren 26tik 29ra bitartekoa da eta irakasle espezializaduen laguntzinoa izango dabe.
Ondoren, lau kontzertuko bireari ekingo deutse EGOko eta EHGAko artista gazteek. 30ean Tolosako Leidor Aretoan hasi, eta uriburuetara joko dabe gero: Donostian urtarrilaren 2an; Gasteizen 3an; eta Bilboko Euskalduna Jauregian 4an. Azken saio horrek Euskaldunaren 25. urteurrenagaz bat egingo dau.
Kontzertuotako errepertorioan Pablo Sorozabalen Gernika oratorioa sartu dabe, konpositorea jaio zaneko 125. urteurrena gogoan. Sibeliusen Finlandia be interpretauko dabe, aspaldiko Errusiako Inperioaren aurrean nortasun finlandiarra aldarrikatzeko ereserkia. Saioa biribiltzeko, E. Grieg norvegiarraren Peer Gynt obrako 1. eta 2. suite-ak entzun ahal izango ditu publikoak.
Egitaraua ikusi eta sarrerak erosteko, hemen.
Rubén Gimenok zuzenduko dau EGO Neguko Biran. Artista valentziarra 2020tik da Gazte Orkestrearen zuzendari titularra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!