Txorizo eta ortuari, eutsi Santo Tomaseko taloari
2022-12-21 08:10 KultureaMilazak lagun batuko dira, gaur, abenduak 21.
Nekazaritza, abeltzaintza, eskulagintza eta ganerakoen azokak egingo ditue, gaur, hilak 21, Bilboko Arenalean eta beste leku askotan: Lekeition, Donostian, Arrasaten... Pandemiaren aurreko urteak gogoan, aurtengoan be milazak lagun espero ditue postuetan, lehen sektoreko produktuak erosteko edo taloa eta txorizoa probetako, sagardaoak lagunduta.
Bilboko azokearen erdigunea, betiko lez, Arenala izango da. Aurreko edizinoen aldean aldaketa batzuk egon dira, esate baterako, Plaza Barrian ez dabe posturik jarriko, baina erosle eta jaizaleek betiko ohiturei eutsi ahal izango deutse.
Bilboko Udalak zabaldu dituan datuen arabera, salmentarako 238 etxola dagoz eta 137 produktorek salduko dabe generoa. Hamar kategoriatan banatu ditue: okelak; konserbak; frutak; ortuariak; esnekiak; eztia; ogia eta pastelak; landarak; sagardaoa eta txakolina; eta bestelakoak.
Atal bakotxean saria emongo deutse posturik onenari. Ganera, produktore gazteenari autortzea egingo deutso BBK-k, Euskal Herrian lehen sektorea bultzatzeko helburuagaz bat. Emakume baserritarren sari berezia be egongo da.
Azokea bera goizeko 09:00etatik iluntzeko 20:00etara egongo da zabalik. Era berean, jarduera ugari egongo dira kalerik kale: musikea, kalejirak, kantua... Egitarau ofizialetik aparte, beste eragile batzuek be txosnak edo saltokiak ipiniko ditue eta Bilboko Konpartsak-ek egitarau kulturala dakar (ikusi hemen).
Lekeition, Lea-Artibaiko nekazaritza eta abeltzaintzako produktuak ikusi eta erosi ahal izango dira. Postu politenari saria emongo deutso Udalak.
32 postu egongo dira: nekazaritza eta abeltzaintzako produktuen 25; eta artisautzako 7. Ganera, abereen erakustaldia egongo da: behiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txarriak, idiak eta untxiak.
Erakundeetako arduradunek garraio publikoa erabilteko deia egin dabe, batez be Bilbon batuko dan jentetzea kontuan izanda. Baina adi, ze Bizkaibuseko linea askotan greba eguna dabe gaur Busturialdean, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Meatzaldean eta Enkarterrietan. Gidarien protestek Bilboko zein Lekeitioko Santo Tomas egunei eragingo deutse.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!