Santo Tomas herrikoiaren alde egin dau Bilboko Konpartsak-ek

Bizkaie! 2022-12-20 09:24   Kulturea

Gastronomia, musikea, jantzea eta bertsoak atondu ditu federazinoak abenduaren 21erako.

Urtero lez, Bilboko Konpartsak federazinokoek ospakizun handia egingo dabe Santo Tomas egunean, urian egongo dan jai giroagaz bat egiteko eta tradizinoari indarra emoteko asmoz. Jente guztia animau dabe ekitaldietan azokan parte hartzera, baita jarduera kulturaletan be.

Baina, aurten, egitarau herrikoi eta zabala atontzeko trabak eta arazoak izan dituela salatu dabe konparsakideek ohar batean. Espazio publikoa erabilteko muga gehiegi dagozala salatu eta urte guztietako kale-zati bera, danona dan kalea erabili ahal izatea eskatu dabe.

Modu herrikoian antolatutako jaien aldeko mezua dakarre, beraz, konparsakideek. Bestelako ereduak ez dirala aproposak uste dabe: Badira folklorea diskursoetarako eta museoetarako ideatzat dabenak; tradizinoa, etxe barruan bakarrik; eta jaia, egon behar badau, negozioa ez eteteko moduan.

Gurea defendiduten ez badogu kendu egingo deuskue, dinoe. Horren aurrean, jai herrikoien alde agertu dira Bilboko Konpartsak, eta egitarau jatorra eta alaia izanik, txirenea eta jendeagaz adeitsua agindu dabe abenduaren 21erako.

Bilboko irratien maratoia goizeko 09:00etan hasiko da, baina txosnea 11:00etan zabalduko dabe. Jan-edanetarako aukera zabala egongo da, gune gastronomiko eta guzti. Kultur ekitaldiei jagokenez, bertsoak datoz lehenengo (13:00): Oihana Bartrak, Aissa Intxaustik, Unai Mendiburuk eta Asier Alcedok kantauko dabe.

Gaiteroek (14:00) eta Dantza Plazak (16:30) Bilboko kaleak alaituko ditue bazkaldu aurretik eta ostean. Iluntzean, elektrotxarangea ibiliko da leku batetik bestera eta Bilbo Kantari saioa be egingo dabe, 19:30ean Bolsako eraikinean hasita.

Ondo pasetea helburu eta jai herrikoien aldeko aldarria gogoan, Santo Tomaseko parte hartzeko deia egin deutse Bilboko Konpartsak-ek bilbotar eta bisitari guztiei.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu