Jose Migel Barandiaran Katedrea sortu dabe

Bizkaie! 2022-12-20 09:28   Kulturea

Euskal kulturearen eta euskal identidadearen gogoeta eta transmisinoa ardatz.

Jose Migel Barandiaran Katedrea sortuko dau Euskal Herriko Unibersidadeak, Gipuzkoako Foru Aldundia, Ataungo Udala, Eusko Ikaskuntza eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoagaz alkarlanean; holan adostu dabe erakundeotako ordezkariek, Barandiaran zanaren bizitokian bertan, Ataungo Sara etxean.

Katedrearen helburu nagusiak izango dira, batetik, Jose Migel Barandiaran Aierberen (Ataun, 1889-1991) izena eta izana bultzatzea, haren obrearen, ondarearen eta harek landutako ikerketa esparruen azterketa zientifikoa sustatuz eta egindako ekarpenak autortuz; eta, bestetik, euskal kultureari eta euskal identidadeari buruzko gogoeta eta transmisinoa sustatzea, Barandiaranek ezarritako nortasun oinarriak ezagutarazoz, eta oinarri horreek gaur egungo gizartearen aurreko alkarrekintzearen bidez eguneratuz. Katedrearen jardunerako abiapuntutzat, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euroko ekarpena egin dau 2022ko aurrekontuen bitartez eta Ataungo Udalak, 10.000 euroko ekarpena.

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian parte hartu dabee Gipuzkoako diputadu nagusi Markel Olanok, Euskal Herriko Unibersidadeko errektore Eva Ferreirak, Ataungo alkate Martin Aramendik, Eusko Ikaskuntzako buru Ana Urkizak eta Jose Miguel de Barandiaran Fundazinoko buru Ixone Fernandez de Labastidak. Alkarlan akordio honen bitartez, katedrea sortzeko, jorratu eta eusteko konpromisoa hartu dabe erakunde guztiek.

Ordezkari danak bat etorri dira katedrearen sorrereak ekarri leikezan onurak azpimarratzean, Jose Migel Barandiaranen obra eta ondare aberatsa eta harek landutako ikerketa esparru zabala ikertzeko, eguneratzeko eta transmitiduteko jardunari bultzadea emoteko sasoian batez be. Esangura horretan, Euskal Herriko
Unibersidadeak gure herriaren geroa sendotzeko egin leiken ekarpena nabarmena izan daitekeela nabarmendu dau, euskal kultureari buruzko gogoeta akademikorako gune barriak arakatzeko barrikuspen kritikoa ahalbidetuz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu