Maialen Lujanbiok jantzi dau 2022ko txapela
2022-12-19 09:15 BertsolaritzeaBigarren Amets Arzallus izan da.
Bost urteko itxaronaldiaren ostean, azkenik heldu da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala eta zortzi bertsolariek euren onena emon eben. Atzo, domekea, Iruñeko Nafarroa Arenan batutako 13.300 zaleek gozau egin eben. Txapelduna, barriro be, Maialen Lujanbio izan zan, 2009an eta 2017an lez. Bertsozale Alkarteko buru ohi Iñaki Muruak jantzi eutsan txapela.
Goiz eta arratsalde, saio luzea izan zan finalekoa, baina azken momentura puntuazinoak estu-estu heldu ziran. Aitor Mendiluzek gitxigaitik ez eban buruz burukora sartzerik izan, eta Sustrai Colina laugarrena eta Alaia Martin bosgarrena be ez ziran urrun ibili. Baina Amets Arzallusek eta Maialen Lujanbiok egin eben aurrera, azken-azken fasera.
Buruz burukoan, egun osoan agertutako bertsokera sendoari eutsi eutsan Lujanbiok, eta hirugarrenez irabazi eban Euskal Herriko txapela. Puntuetan, txapeldunak 2.240 eta Arzallusek 2.166.
Ganerako bertsolariek puntu gitxiago izan zituen, buruz buruko ariketak ez zituelako egin. Holantxe geratu zan sailkapena: Aitor Mendiluzek 1.507; Sustrai Colinak 1.495; Alaia Martinek 1.493,5; Beñat Gaztelumendik 1.443,5; Nerea Ibarzabalek 1.435,5; eta Joanes Illarregik 1.421,5.
Epaileak honeek izan ziran: Ainhoa Sarasua Laskarai, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Eneko Bidegain Aire, Eneritz Azkue Basurko, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseba Beltza Bengoetxea, Miriam Juaristi Urizar eta Nerea Bruño Artazkoz.
Bertsolaritzearen jai handia izan zan finala, eta euskal kulturgintzearena. Horregaitik, harmailetan erakunde publikoetako, euskalgintzako eta eragile ugaritako ordezkari ezagunak egon ziran. Ganera, beste hizkuntza batzuetan egiten diran ahozko inprobisazinoetako ordezkariek bertatik bertara ezagutu ahal izan eben bertsolaritzea. Sardinia, Mallorca, Madeira eta Galiziatik etorri ziran, besteak beste.
Txapeldunaren barri izan eta berehala, sariak emoteko momentua izan zan. Irantzu Idoate, Sagrario Aleman, Edurne Azkarate eta Paulu Zedda joan ziran, banan-bana finalistei jagoken saria emoten. Jose Luis Zumetaren, Dora Salazarren, Carmelo Ortiz de Elgearen, Marta Cardenasen, Mariano Arsuagaren eta Olatz Irigarairen artelanak eskuratu zituen zortzigarrenetik hirugarrenerako sailkatuek. Txapeldunordeak Iker Valleren eskultura jaso eban.
Azkenik, txapeldunaren txandea, iluntzeko momenturik hunkigarrienetako bat. Bertsozale Alkartearen izenean, Gontzal Agotek Mikel Lertxundiren artelana emon eutsan Maialen Lujanbiori. Iñaki Muruak txapela jantzi eutsan irabazleari. Lujanbioren agurrak biribildu eban finala:
Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko, beraz,
laguna altza hadi!
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!