Pombie aterpetik Portaletera, edur maluten artean

Amaia Larruzea 2022-12-16 12:54   Ibilian-ibilian

Urrunean Pombieko aterpea eta, gora begiratzean, hortxe dago Midi d’Ossau.

Zuriz jantzi dira Huescako Pirinioak, eta bertara hurreratu gara, edur maluta horreen artean olgau eta gozetera. Formigalen pistetan eskiau ondoren, mendian ibilteko unea heldu da. Portaletera joan gara eta gure asmoa Peyreget mendira igotea izan arren, lainoak kolore nahiko baltza hartzen hasi dira, eta eskiatzaile taldeen atzetik, sekulako bueltea emoten amaitu dogu. Portaletera ailegau eta pixka bat aurrerago dagoan errepide bazterrean kotxea itxi (ilara batean), botak jantzi, motxilea kranpoi eta pioletakaz bete eta bagoaz mendira. Aneou, Cuyaralet, Gralleras… hainbat dira begien aurrean doguzan mendiak. Eskiatzaile taldeei jarraituta, Cuyaralet aldera jo, eta handik sekulako desbideratzea hartu eta eskumarantz egin dogu.

Kranpoiak janzteko ordua da, izan be, erreka ingururako jatsiera nahiko bertikala da eta edurra gogor samar dago. Aspaldiko partez, botak jantzi eta orain bai gozamena, mendizaletasuna zanetan, kranpoiek eta izotzak sortzen daben soinu karraskatsu hori entzutean. Behin buelta ederra emonda Cuyaraleteko igoerarantz, Pombieko norabidea hartuko dogu orain, izan be, hurrengo batean, ezkerretara dagozan aterpeetatik gora egingo neuke, hortik zuzenagoa dalako eta askoz be bizkorragoa. Handik jatsi ginan, beraz, ez segidu inori eta jarraitu trackari edo GPS-ari, gerora egin genduan lez.

Behin eskumatarantz bide egokia hartuta, zirku eder batera helduko gara, zoragarria, eguzkia pixka bat joka, sekulako hotza gorputzean haizeak jotean, eta baretasun eta lasaitasun ederra haizea lausotzean. Nahiz eta buelta handia emon, bidez aldatzean, azkenean, autoa ikusgai dogu momentu batean. Zirku horretara heldu aurretik, mendia baino ezin da ikusi.

Alboratzen, ladeatzen, orain bai, palatxu bat alde batean eta neguan haizegaz estaltzen dan arrastoa bestean. Urrunean Pombieko aterpea ikusten dogu eta, gora begiratzean, hortxe dago Midi d’Ossau mendi ezagun eta ikusgarria. Hori bai, domeka honetan, laino artean emon deusku ondoetorria. Geure ezusterako, Pombieko aterpea itxita egoan, eta ez egoan inor be inguruetan. Ezustea, edegita egongo zala uste genduan, edo, asko jota, zarratzear. Peyreguet aurrean geunkan, baina ia ez zan ikusi be egiten, laino artean egoan, eta Formigal alderantz laino garbiak atzemoten ziran. Era berean, Frantzia aldean laino baltzak ziran nagusi.

Beraz, inguruaz gozau, aterpeko atean sartu eta Idiazabal pixka bat eta ogia jan genduzan, gutizia itzela, eta Portaleterantz buelta. Oraingoan bai, bide bizkor eta zuzenetik, hemendik ti-ta batean egiten da, eta jatsieretan sekulako gozatua hartuz, kranpoiakaz edurretan jantzan!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu