'...euskaraz eta kitto!' bandoak 40 urte beteko ditu abenduaren 21ean, San Tomas egunean
2022-12-16 11:20 Euskerea berbagaiInformazino gehiago hemen.
1982ko abenduan, orduko Euskaltegiak edo Gau-eskola, herriko euskaltzaleek, gizarte-eragileek eta Eibarko Udalak osotutako batzorde misto batek euskerearen aldeko sensibilizazio-kanpaina zabal bat atondu eban eta horren barruan argitaratu eben Bandoa. Kanpainearen helburu nagusia zan euskaldunak, euskal hiztunak, hizkuntzearen erabilerea bultzatzea eta euskerearen erabilera soziala herriko arlo guztietan sustatzea: Prentsan eta irratian, dendetan, tabernetan eta jatetxeetan, irakaskuntza-zentroetan, tailerretan, soziedadeetan eta alkarteetan. Horretarako, sektore bakotxerako propio eratutako lan-taldeak egin ziran arlo bakotxari zuzendutako hainbat hizkuntza-proiektu jorratzeko, betibe helburu nagusi bati eutsiz: Hizkuntzea ikusarazotea eta kalera ataratea; azken batean, jentea euskerearen existentziaz jaubetzea. Hile haretan egin ziran beste jarduera askoren artean, Eibarko eskoletan euskerazko 1200 liburu eta ipuin banatu ziran Diputazinoak emondakoak, 11.000 pegatina jarri ziran euskerazko makinen izenakaz tailerretan...
Horrezaz gan, abenduan, hizkuntzearen eta kulturearen arteko loturea azpimarratu guran, Jon Mirande idazlea omendu eta bertan parte hartu eben, besteak beste, Txomin Peillen, Bernardo Atxaga, Alfontso Irigoien, Kazenave, San Martin, Krutwig eta Kintana euskal idazleek hiru mahai-ingurutan, idazlearen nortasuna, haren ideologia —jarrera filonazia, euskal autoreek gaitzetsia— eta iteratura-ibilbide oparo eta barritzailea aztertu baitziran.
Joan dan mendeko 80ko hamarkadearen hasierako testuinguru haretan kokatu behar da Mikel Larrañaga alkatearen ... euskeraz eta kitto! bandoa, 1982ko abenduaren 21ean argitaratu eta euskaldunak euskerea erabili egien behartu nahi zituana, ikasten ebizenek ikasgeletatik kanpo berba egiteko aukerea izan egien. Inpaktua lortu nahi zen mezua hedatzeko eta, horretarako, Eibarreko Udalak Bilboko Paradox enpresa sortu berriari diseinu deigarri eta berezi bat egitea eskatu zion, irakurri ahala gero eta ozenagoa izan nahi eban deiadarra irudikatuz.
Idea hori zabaltzearren bialdu eben Euskadiko udalerri gehienetara agiria eta oihartzun handia izan eban gizartean eta komunikabideetan. Bandoaren mezuak eta diseinuak jente gehienaren harrera ona jaso eban eta Eibarko Alkatetzara hainbat zorion-telegrama heldu ziran, beste askoren artean Donostiako alkatea izan zan Ramon Labayen Sansinenearena, euskereari buruzko Bandoa da eta, hartu egizuz nire zorionik beroenak inoana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!