24 erakunde lankidetzan, 7. Emakumeak Zientzian proiektuan
2022-12-16 08:36 KultureaZientziaren, teknologiaren eta ezagutzearen ingurukoak dira danak.
Emakumeak Zientzian proiektuaren inguruan alkarlana bultzatzeko, 24 euskal erakundek hitzarmena sinatuko dabe, zientzian emakumeek egiten daben lana autortzeko konpromisoan sakontzeko asmoz. Gai tekniko eta zientifikoak gizonen kontua baino ez dirala dinoan ustea apurtzea eta neskak ikasketa zientifikoak aukeratzera animetea dira helburuak.
Konpromisoa hartzeaz gan, horreek erakunde guztiek lankidetzan atonduko ditue Emakume eta Neska Zientzialarien Nazinoarteko Eguneko jarduerak. Zezeilaren 11n da eta egitarau bete-betea eskaintzea da asmoa. Urtarrilean emongo dabe programazino zehatzaren barri, eta orduan hasiko dira izen-emoteak.
Zientziaren, teknologiaren eta ezagutzearen alorreko gero eta erakunde gehiagok egiten dabe bat Emakumeak Zientzian proiektuagaz. Jentea batzeko bokazinoagaz jaiotako proiektua dalako izan da posible, ateak zabalik izanda eta alkarregaz hobeak garela argi dauena, azaldu dabe egitasmoaren bultzatzaileek.
Aitatzekoa da STEAM Euskadi Saria irabazi ebala igaz Emakumeak Zientzian ekimenak, baita STEAM Hezkuntza Ekimen Barritzaileenaren Saria be. Eusko Jaurlaritzeak eta Innobasquek emoten ditue sariok.
Nazino Batuen Erakundeak 2016an ezarri eban Emakume eta Neska Zientzialarien Eguna, urtero zezeilaren 11n egiteko. Gai zientifikoak landu nahi dituen emakumeek horretarako aukerea izatea eta alor horretan egiten daben beharra autortzea da helburua eta, hain zuzen be, horixe bera da Emakumeak Zientzian-ek dauen jomugea. Hortaz, zezeilaren 11gaz bat egin eta urterik urte programazino zabalagoa atontzen dabe.
2017an CIC Nanogunea hasi zan dibulgazinoagaz lotutako jarduerak egiten. Hurrengo urte bietan, EHU, DIPC eta CIC Biomagune batu jakozan eta 2020an bederatzi erakunderen arteko lankidetzea heldu zan. Hazi eta hazi doan ekimena da, eta 2023an 24 erakunde dira dagoeneko. Hauxe zerrendea:
Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-EHU), Achúcarro, CIC biomaGUNE, CIC nanoGUNE, Deustuko Unibersidadea, POLYMAT, Basque Centre for Climate Change (BC3), Basque Center for Applied Mathematics (BCAM), Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL), Biodonostia, Ceit, Cidetec, Donostia International Physics Center (DIPC), Elhuyar, Eureka! Zientzia Museoa, Biofisika Bizkaia Fundazioa (FBB), Ikerlan, Gipuzkoako Injineru Industrialen Alkargo Ofiziala, Euskadiko Parke Teknologikoa, Tecnalia, Tecnun-Injinerutza Eskolea, EHUko Informatika Fakultadea, Gipuzkoako Injinerutza Eskolea eta Kimika Fakultadea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!