HAAi, Amaia, Dry Cleaning, Anz, Sherelle, GAZZI eta beste hainbat artista 2023ko Bilbao BBK Live Jaialdian

Bizkaie! 2022-12-15 11:51   Musikea

Hamaseigarren edizinoa 2023ko garagarrilaren 6an, 7an eta 8an izango da, Kobetamendin.

Taldeen baieztapenen bigarren txanda honetan, jaialdiaren nortasun bisualerako Vicente Paredes argazkilariaren Supereuskadi argazkiak erabilten jarraituko dogu, baina, oraingoan, Tximistarriren kondaira izanik protagonista. Tradizinoari jarraituz, bagilaren 13an, Paduako San Antonio egunean, Tximistarri hatx handiaren inguruan 7 buelta egin behar dira eta horren truke, ezinezko jazoeren zaindariak bikotekidea topauko dauela bermatzen deutso bila dabilenari.

Kontuak kontu, garagarrilaren 6an, 7an eta 8an Kobetamendin izango dan Bilbao BBK Live 2023 jaialdian parte hartuko daben artisten izenen barri emoten jarraituko dogu eta, era berean, jaialdiaren hamaseigarren edizinoaren irudi grafikoren irudiak be ezagutarazoko ditugu. Lehendik iragarri genduzan hainbat zerrendaburu, besteak beste, Arctic Monkeys, Florence + The Machine, The Chemical Brothers edo The Blaze eta orain beste artista multzo bat aurkeztu dogu, aurreratutako-gabonetako-opari moduan, 2023ko line-up txundigarria osotzeko.

Bigarren txanda honetako artistak ondokoak dira: Phoenix; The Knife taldeko kide izandako Fever Ray; Duki; M83; Idles; Jamie xx; Dry Cleaning; eta Irlandako The Murder Capital. Estaduko talentuari jagokonez, Amaiaren ahots zerutiar eta polifazetikoa, Montgrí-ko Cala Ventoren gitarrak eta La Éliteren punk energia basatiena nabarmendu daitekez. Basoa guneko eskaintza elektronikoa handiagoa izango da aurten, Anz, Avalon Emerson, HAAi, Sherelle, GAZZI eta John Talabot izango baitira bertan.

Bilbao BBK Live jaialdian, artea –mueta guztietako artea– ezinbestekoa da, kartela bezain oinarrizkoa; eta igazko harrijasotzaileen irudia deigarria izan bazan, orain, Tximistarriren kondairea izango da protagonista kartelean. Vicente Paredes artisteak eta Bilbao BBK Live jaialdiak egindako arte-musika aliantzearen barruan batzen dan laugarren irudia da hori, betibe Euskadiren nortasuna eta idiosinkrasia adierazoteko asmoz.

Jaialdiaren atontzaileok naturaguneak jagoteko konpromisoa dogunez, saldutako sarrera bakotxetik 3€ Balmasedan sute batek kiskalitako ingurunea basobarritzeko bideratuko ditugu, Enkarterri Bizkaiko birikea dalako.

Bonuak salgai dagoz oraindino jaialdiaren webgunean eta seetickets.com/es webgunean; epeka ordaintzeko aukerea be badago, baita jaialdiko bonua gehi kanpina erostekoa be:

Bonua: 150€
Bonua + kanpina: 170€ (prezio berezia 2023ko urtarrilaren 26ra arte).

Salmentea: bilbaobbklive.com eta seetickets.com/es

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu