Begoñako kanposantua aisialdirako eta memoriarako gune bihurtuko da
2022-12-15 11:05 KultureaProiektuen lehiaketea martxan jarri dau Bilboko Udalak.
Begoñako Kanposantuan aurreko hileetan Aranzadi Alkarteak egindako Begoñako Argia proiektuari esker, Bilboko historia hobeto ezagutu ahal izan dogu eta bertan lurperatutako personen barri jakin. Kasu batzuetan, gerran desagertutako biktimak be identifikau ahal izan dira. Behin proiektu arkeologiko eta historikoa amaituta, kanposantua uritarren erabilerarako egokitzeko momentua heldu da.
Bilboko Udalak aisialdiko gune bihurtu nahi dau lursaila, memoria historikoan oinarrituta egongo dan espazio berde. Hortaz, proiektuak aurkezteko lehiaketea zabaldu dau Udalak: 6.150 metro koadroko eremuaren esku-hartze integral, arkitektoniko eta historikoa izango da.
Asier Abaunza zinegotziak azaldu dauenez, erronka handia izango da kanposantuaren birgaitzea, espazio berdea eta memoria historikoa buztartuko ditualako: Hilerri zaharra erabilera libreko berdegune bihurtuko da, memoria historikoa, ondarezkoa, kulturala eta paisajistikoa batzeko gai izango dana, uria ulertzeko leku erakargarria.
Lehiaketan aurkeztuko diran proiektuek bete beharreko baldintzen artean dago, esate baterako, inguruneko auzoan integrau eta lekuan lekuko balio natural, kultural eta historikoak kontuan izatea. Elizalde, Bilintx eta Begoñako Ama Birjina kaleakaz ondo lotuta egon beharko da.
Ganera, gaur egun dagozan arbolak bere horretan gordeko dira, eta gehiago jarteko asmoa be agertu dau Udalak. Energia aurreztea, airearen kalidadea jagotea eta halakoak be gogoan izan beharrekoak dira.
Hile biko epea emongo dabe proiektuak aurkezteko eta, ondoren, epaimahaiak gehienez sei hilean emongo dau ebatzia. Zinegotziak, arkitektuak eta Aranzadiko kideak izango dira epaimahaikide. 20.000 euro emongo deutsez irabazleari.
Begoñako hilerria 1814tik egon zan martxan, gitxienez; sasoi haretan, Begoña udalerri independentea zan, Bilbotik apartekoa. 200 urtez erabili zanez, ondare historiko eta artistiko aberatsa batu zan lursail txiki haretan.
Begoñako Argia proiektuaren bidez, 4.700 gorpu atera zituan Aranzadik (aurreikusitakoa halako bost), baita Begoña eta Bilboko historiako pasarte garrantzitsuen barri emoten daben objektuak be, adibidez, Gerra Karlistetakoak eta Gerra Zibilekoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!