Marion Cruza, Abigail Lazkoz eta Elena Mendizabal, Ertibil topaketei ekiteko
2022-12-15 09:30 KultureaGaur, abenduak 15, hasita, hiru hileko programazinoa hasiko da Rekalde Aretoan.
Bertoko artistei laguntzeko Ertibil programeak 40 urte bete dituanez, programazino zabala atondu dabe Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Rekalde Aretoak. Hurrengo hiru hileetan, Bizkaiko produkzino artistikoaren ganean gogoeta egiteko gune bihurtuko da aretoa, artisten eta publikoaren arteko topaleku. Belaunaldi ugaritako sortzaileek parte hartzea da asmoa.
Lehenengo saioa gaur bertan izango da, eta hiru artista konbidauko ditue: Marion Cruza, Abigail Lazkoz eta Elena Mendizabal. Euren ibilbideei buruz egingo dabe berba, eta lan-prozesuak, irakasle lez izandako esperientziak eta artearen munduaren bilakaerea be jorratuko ditue. Ion Macareno izango da moderatzailea. Ekitaldiaren amaieran, Oier Iruretagoienaren soinu pieza batez gozauko dabe bertaratutakoek.
Gabonen ostean, urtarrilean eta zezeilean egingo ditue era horretako topaketa gehiago. Besteak beste, Txuspo Poyo, Jaime Cuenca, Zigor Barayazarra, Ixone Sádaba, Miriam Isasi, Taxio Ardanaz, sraPolaroiska, Naia del Castillo, Gema Intxausti, Nora Aurrekoetxea, Irati Inoriza, Miren Arenzana, Mikel Onandia eta Maider López artistek hartuko dabe parte.
Baina Ertibil programearen 40. urteurrena gogoratzeko ekitaldien artean bestelako batzuk be egongo dira, gogoetea, ospakizuna eta memoria ardatz. Hasteko eta behin, Rekalde Aretoa espazio garden bihurtu dabela azaldu dau Foru Aldundiak, sormenaren eta artearen agora izan daiten.
Workshop erako lantegiaren egoitzea izango da asteotan Rekalde Aretoa. Hamar artista hasibarrik sormena landuko dabe bertan, eta zezeilaren 16an, workshop-aren azken egunean, aurkeztuko ditue landutako proiektuak.
Ertibil 40 izenburupeko jarduerotan, ez dira amaitutako lanak erakutsiko, pentsetako prozesuak lekuan bertan ezagutzeko aukerea emongo jake bisitariei. Aretoaren arkeologia ikusi ahal izango dabela dino Foru Aldundiak, azken urteetako esku-hartze artistikoen hondarrak.
Espazioaren itxurea be proposamen artistikoaren parte da, hainbat irakurketa dituen beste jarduera batzuen agertoki eta euskarri: horma zahar bat ikus-entzunezko piezetarako pantailea da, harmaila batean Ertibilen eta Bizkaiko produkzino artistikoaren gogoetetan sakonduko dabe, eta, hormetan lau hamarkadotako katalogoak erakusteko narrazino-gailuak ipiniko ditue.
Orain dala 40 urte sortu zanetik, Ertibil Bizkaia Ikusizko Arteen Erakusketeak 800 obra inguru aztertu ditu, lurralde osoan agertu diran 500 artista baino gehiagok eginak. Izan be, 1983ko lehenengo edizinotik hona, sorkuntza-lana Bizkaian egiten daben artista hasiberriei laguntzea eta bultzadea emotea izan da Ertibilen helburua. Rekalde Aretoa da egoitzea, baina, azken urteotan, Bizkaiko beste herri batzuetara be eroan dabe, erakusketa ibiltarien bidez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!