Ikusmen urritasuna daben ikasleei laguntzeko hitzarmena

Bizkaie! 2022-12-15 08:16   Pil-pilean

2022-23 ikasturtean, EAEko 485 gazte arretea jasoten dabiz.

Jokin Bildarratz eta Juan Carlos Andueza (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sistema arautuan, ikusmen urritasun larriak dituen edo itsuak diran 485 lagun dabiz aurtengo ikasturtean, eta horreen guztien beharrizan bereziei jagokon arretea emoteko, hitzarmena sinatu dabe ONCE erakundeak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak. ONCE-Euskadiko lurralde ordezkaria, Juan Carlos Andueza, eta Hezkuntza sailburua, Jokin Bildarratz, batu dira ekitaldian.

IBT dalakoetan jarten dau arretea hitzarmenak, hau da, beharrizana daben ikasleak hartzen dituen baliabidetegietan. EAEn gaur egun dagozan hiru IBTetako azpiegiturea, baliabide materialak eta beharginak bermatzeko konpromisoa dakar akordioak.

IBTen helburua da ikusmen-urritasuna daben ikasleen garapen osoa bermatzea, hezkuntzan zein gizartean. Familiakaz eta ikastetxeakaz koordinauta jarduten dabe zentrook. 70 behargin dabiz EAEko hiru IBTetan, batzuk Hezkuntza Sailarenak eta beste batzuk ONCEko laguntzaile espezializaduak.

Hezkuntza Saileko arduradunek Bilboko IBTra egindako bisitan, hango baliabideak ezagutu ahal izan ditue. Besteak beste, egokitutako teknologia darabilen materiala (tifloteknologia) maileguan ixteko zerbitzua dabe. Agiriak eta bestelako testuak irakurteko, braillez idatzitako bersinoak dagoz erabiltzaileen eskura, edo idatzitakoa ahotsez emoten dabenak.

Beharginei jagokenez, ONCEk IBTetan dituan laguntzaile espezializaduen artean dagoz irakasle tifloteknikoak, errehabilitazinoetarako teknikariak eta mobikortasuna hobetzen laguntzen dabenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu