Nafarroa Arenara 13.000 zale batuko dira Txapelketa Nagusiko finalean

Bizkaie! 2022-12-14 08:37   Bertsolaritzea

Bizkaie!-k sarrera bikotx bi emongo ditu Instagramen.

Zortzi bertsolariak, Nafarroa Arenan (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Historian lehenengo aldiz, Nafarroan jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handia, Iruñeko Nafarroa Arenan hain zuzen. Areto barria eta zabala da eta, hortaz, Bertsozale Alkarteak zehaztasun handiz atondu ditu bertsolari zein zaleentzako erosotasunak. 13.000 ikusle batuko dira harmailetan eta sarrera guztiak agortuta dagoz. Domekan, hilak 18, da hitzordua.

Sarrera barik geratu diranek azken orduko aukerea izango dabe Bizkaie!-ri esker: sarrera bikotx bi emongo doguz zozketan, gure sare sozialen bidez. Gaur, eguaztena, zabalduko dogu parte hartzeko epea, Instagramen.

Finalean kantauko daben zortzi bertsolariak Nafarroa Arenara joan dira, finalaren nondik norakoen barri emoteko prentsaurrekora. Maialen Lujanbio (aurreko edizinoko txapelduna), Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina dira.

Bertsozale Alkarteko Gontzal Agote eta Oier Iurramendi be agertu dira Nafarroa Arenako aurkezpenean. Zale zein antolatzaileen zalantza artean hasi zan Txapelketea, pandemiaren murrizketak amaitu barri eta urtebeteko atzerapenez. Baina dana ondo joan da: Bagilean txapelketea aurkeztu genduanean intuizino bat agertu genduan: bertsozaleakan gogo berezia zala plazak barriro hartzeko, esperientziak barriro konpartiduteko; eta zorionez, halan izan da, esan dabe Agotek eta Iurramendik.

Finalean aurretik kantau barik dagozan hiru bertsolari heldu dura Iruñeko azken saiora. Faserik fase, jatorri, estilo, izakera eta ikuspegi ugaritako bertsolariek igon dabe oholtzara: Txapelketea izan da plazako aniztasunaren eta errealidadearen isla: bertsokeran, gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko moduetan, bide barriak urratzean, ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian, norberaren begirada lantzean, dino Agotek.

Goiz eta arratsaldeko beharra izango dabe bertsolariek domekan. Goizean, bakotxak 15 bertso botako ditu: ofiziotan, zortziko handia eta txikia, eta sei puntuko motzean; bakarka, lehen puntua emonda eta ganbarakoa gaia emonda. Arratsaldean (hamarna bertso), hamarreko handiko eta zortziko txikiko ofizioak eta bakarkako gaiak etorriko dira.

Ordura arteko puntuazino altuena daben bertsolari biak buruz burukora pasauko dira. Binaka ofizio bi egingo ditue eta, ondoren, ganbarara joango dira; fase honetan, berba bat bederatzi puntuko bertsoan jorratu eta gai bati neurri librean erantzun beharko deutse.

Egun osoko lanaren ostean, Iñaki Muruak jantziko deutso txapela irabazleari. Finalista bi aurretik txapeldun izandakoak dira: Maialen Lujanbio (2009 eta 207) eta Amets Arzallus (2013).

Epaileak honeek izango dira: Ainhoa Sarasua, Aitor Jimenez, Amaia Otxotorena, Eneko Bidegain, Eneritz Azkue, Joseba Beltza, Joseba Santxo, Miriam Juaristi eta Nerea Bruño. Aurkezleak, ostera, txandaka agertuko dira oholtzan. Alaitz Rekondo, Aritz Bidegain, Idoia Anzorandia eta Ion Zalduari egokitu jake bertsolariei gaiak emotea eta saioa gidatzea.

Hain saio luzean, ikusleentzako argibide zehatzak emotea be beharrezkoa da. Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, 09:00etan zabalduko ditue aretoko ateak, saioa 11:00etan hasiko dan arren. 14:30ak bueltan amaituko da goizekoa eta, bazkalostean, 17:00etan berrekingo jako finalari.

Hiru eremutan banatuko ditue harmailak: pista, errebotea eta harmailak. Batetik bestera ezin da pasau, baina danetan egongo dira oinarrizko zerbitzuak. Informazino gunea A atean ipiniko dabe eta eraso matxisten inguruko puntu morea be egongo da. Garraio publikoa erabilteko edo, bestela, autoa konpartiduteko eskatu dabe antolatzaileek.

Oharren gidea hemen (PDF).

350 bat laguneko taldea ibiliko da finalean beharrean, dan-dana aurreikusitako moduan joan daiten. Alkarteko beharginak eta boluntarioak dira. Dana dala, pazientziaz jokatzeko eskatu dabe antolatzaileek, milazak lagun alkartuko diralako bertsolaritzearen jai handian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu