Euskerazko testu bat Europan zabaldu nahi dau Arriagak
2022-12-13 13:43 KultureaETC Sarearen bidez aurkeztuko dau hautagaitzea.
Euskerazko antzerkigintzea eta euskal kulturea zabaltzeko dauen konpromisoagaz bat, Bilboko Arriaga Antzokiak ekimen barri bat ipini dau martxan. Hain zuzen be, euskerazko antzerki-testu bat aukeratuko dau, ETC Sarearen deialdira aurkezteko. Europa osoan zabalkundea eta ingelesera itzulpena izango leukez obreak, ETCren deialdia irabazi ezkero.
ETC European Theatre Convention da, hau da, Europako 50 antzoki eta jaialdi inguru batzen dituan sarea edo erakundea. Urtero, testu bi aukeratzeko deialdia zabaltzen dau ETCk, nazinoarteko zabalkundean laguntzeko. Arriaga Antzokia ETC Sarean sartu danez aurten, euskerazko lan bati 2023ko deialdian parte hartzeko aukerea emoten deutso.
Hortaz, ETCren ekimenerako euskerazko testuen bila hasi da Arriaga. Abenduaren 26ra arte izango dau deialdia zabalik, eta aurkeztutako proposamenek hainbat baldintza bete beharko ditue. Hasteko eta behin, jatorrizko testu osoa euskerazkoa izango da, eta orrialde bateko laburpena gehitu beharko jako ingelesez. Autorearen nondik-norakoak eta Europako antzerkigintzan testuak izan leiken zeresana beste azalpen batean gehituko jakoz, hori be ingelesez.
Batzorde batek aukeratuko dau ETC Sarearen deialdira aurkeztuko daben testua, erespide ugaritan oinarrituta: kalidadea, beste hizkuntza batzuetara egokitzeko aukerea, egilearen ibilbidea... Hortaz, Arriagak hautagai bakarra bialduko dau Europako deialdira eta beste herrialde askotako hautagaiakaz lehiatuko da.
Europako testu garaikide interesgarrien bildumea zabaltzen lagunduko dau ETCren deialdiak. 2023ko deialdi honetan aukeratutako obra bietako bakotxari 1.500 euro emongo deutsez eta Europako antzokietan erakusteko babesa izango dau. Ganera, maiatzean Poloniako Opole urian egingo dan ETCren Nazinoarteko Biltzarrean testuon irakurketa parte-hartzailea egingo dabe.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!