Arriaga Antzokia Europako ETC Sarean sartu da

Bizkaie! 2022-11-11 11:11   Kulturea

Bertoko produkzinoak beste herrialde batzuetan erakusteko atea zabalduko dau.

Arriaga Antzokiko ordezkariak, Lisboan, ETCren batzarrean (argazkia: Arriaga Antzokia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bilboko Arriaga Antzokiko zuzendari artistiko Calixto Bieito Lisboan izan zan pasa dan astean, Europako antzokien batzar batean parte hartzen. Hantxe adostu eban Arriaga ETC Sarean sartzea, hau da, European Theatre Convention dalakoan. Europa guztiko pilo bat antzoki eta areto batzen dira bertan, 25 herrialdetako 44 hain zuzen. Era horretako erakunderik handiena da kontinentean.

Care lemapean (ingelesez, jagon), kulturgintzea lankidetza-sareak josteko eremu lez ikusten dau ETCk, arte eszenikoen sektorea jagon ahal izateko, banaketa-zirkulu jasangarriak ezarriz eta sareko kide diran espazioen arteko loturearen bidez.

Arriagak goi mailako kulturgune lez nazinoartean dauen lekua sendotzeko modua izango da ETCko partaidetzea, Calixto Bieitoren ustez, eta horrek azken urteotan bilatu dan norabideagaz bat egiten dau. Bilboko uriak kulturearen alde egiten dauen apustuagaz be bat datorrela dino zuzendari artistikoak.

Era berean, Arriagaren helburuak lortzeko bidean jasangarritasuna eta irisgarritasuna kontuan hartzea ezinbestekoak dala dino Bieitok, proiektuak atondu, oholtzaratu eta biren bidez zabaltzeko orduan. ETC Sarean sartzeak mesede egingo deutso ikuspegi horri.

ETCko kideak Europako 25 herrialdetan dagozanez, Arriaga Antzokiak aukera zabalagoa izango dau nazinoarteko loturak ezarteko eta, modu horretara, produkzino artistikoen ibilbidea zabaltzeko. Arriagak sortzen dituan produkzinoak atzerriko antzokietara eroateko modua emon leike lankidetza horrek, edo atzerriko produkzinoak Bilbora ekartekoa.

Era berean, koprodukzinoak egiteko bidea be badakar. Arriagak azken urteotan inguruko eragile eta kulturguneakaz produkzino ugari ipini ditu martxan, eta era horretako alkarlanak nazinoartean be egin ahal izango ditu aurrerantzean.

Beste herrialde batzuetako adituakaz ideak konpartidu ahal izango ditu Arriagak ETCren bidez, baita Europako testuinguru kulturalean presentzia handiagoa eskuratu be. Horregaitik, Calixto Bieitok adierazo dau ilusinoz hartu dabela pausu hau, bai berak eta bai antzokiko lantalde osoak be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu