Itzultzaile automatikoei erakusten deutsegu gizonezko erizainak be badagozala
2022-12-13 13:28 Euskerea berbagaiItzulpen automatikoan genero-alborapena zuzentzeko teknika barritzailea sortu dau Orai-k.
Genero-bazterketea arazo ezaguna da adimen artifizialaren alorrean. Gaur egun, alor horretan erabilten diran algoritmo gehienek adibideetatik ikasten dabenez, sarrerako adibideetan dagozan alborapen eta estereotipo sozialak be ikasten ditue. Beraz, algoritmo horreekaz ikasitako sistemek alborapen hori errepetiduteko jokerea dabe.
Itzulpen automatikoko sistema neuronalek be arazo hori dabe eta entrenamendu-adibideetako genero-alborapena itzulpenetara eroaten dabe:
Nire ama errementaria da ⇒ Mi madre es herrero.
Nire aita erizaina da ⇒ Mi padre es enfermera.
Itzulpen automatikoko sistemen erabilera masiboa dala eta, holako genero-alborapenak iraunarazoteko arriskua dago. Genero-alborapenaren arazoa kudeatzea ez da erraza eta are gutxiago itzulpena generorik bako hizkuntza batetik egiten danean, berbarako euskeratik. Orai-k, hain zuzen be, generorik bako hizkuntzentzat baliogarria dan teknika barritzaile bat ikertu eta jorratu dau. Teknikeak metodo bi buztartzen ditu: Alborapena dauen sistema neuronalak adibide orekatuetatik ikasiz alborapen hori zuzentzeko metodo bat eta sistema neuronalari generorik bako hizkuntzan genero-informazinoa modu esplizituan txertatzeko metodo bat, adierazo dau Orai-ko NLP teknologietako ikertzaile Ander Corralek.
Ikerketa honen emoitzea oso baliogarria izango da itzultzaile automatikoek daben genero- alborapena zuzentzeko, batez be, generorik bako hizkuntzetatik itzultzeko aukerea emoten daben itzultzaile automatikoena. Era berean, sortutako teknikea maila konputazionalean arina da eta ez da gatxa produkzinoan dagozan sistemetan txertatzea —erantsi dau Oraiko NLP teknologietako arduradun Xabier Saralegik—. Teknika honi esker, genero-alborapenik bako itzulpen automatikotik hurrago gagoz; pausu garrantzitsua da hau genero-alborapenik bako itzulpen automatikoak lortzeko norabidean.
Ikerketa-lan hau itzulpen automatikoaren alorreko konferentziarik entzutetsuenean aurkeztu dabe Orai-ko ikertzaileek, abenduaren 7an eta 8an izandako Itzulpen Automatikoko Zazpigarren Konferentzian (Seventh Conference on Machine Translation - WMT22).
Lan honek bistaratzen dau adimen artifizialaren ikerketeari ikuspegi etikoa erabiliz heltzen deutsola Orai-k eta gure gizartearen gaur egungo erronkei aurre egiteko konpromiso finkoa dauela.
Artikulua: Gender Bias Mitigation for NMT Involving Genderless Languages.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!