Getxoarte 2022, abenduaren 15etik 2022ko abenduaren 18ra

Bizkaie! 2022-12-13 11:13   Kulturea

Emakumeentzako antzerki tailerra eskainiko dau María Fernández de Vianak hilaren 18an.

Getxon, Romo Kultur Etxeak eta herriko beste zenbait zentrok bertoko sorkuntzeagaz bat egingo dabe Getxoarteren inguruan, 2022ko ibilbideari amaierea emongo deutson bitartekotza-programearen emoitzak erakusteko. Horren bitartez, hainbat diziplinatako artistak proiektuak jorratu ditue eta horreetako batzuk orain publikogaz konpartiduko ditue, Getxoko eragile eta kolektiboakaz lankidetzan, ekimenaren amaiera legez.

Aurtengo proposamena hilaren 15ean, eguenean, hasiko da Algortako Getxo Sormen Hub barrian; bertan, Pablo Escauriaza artista digitalak berbaldia eskainiko dau 17:30etik aurrera eta ardatza akats digitala edo bug dalakoa abiapuntutzat hartzea da. Horretarako, sormen softwareagaz eta live coding dalakoagaz lotutako kontzeptuetan sartuko dau publikoa.

Egun horretan bertan, Algortako Merkatuko ‘Artista bat auzoan’ erakusketea hasiko da eta horretan, pandemian zehar bideoen bitartez euren lanak eta sormen prozesuak getxotarrei hurreratu eutsezan bertoko zortzi artista izango dira protagonista. Oraingoan, David Arteagagoitia, Martín del Busto, Pablo Escauriaza, María Fernández de Viana, Higinia Garay, Alex Martín Casey, Natalia Monge eta Ricardo Villarren lanak batu dira. Erakusketea abenduaren 30era arte egongo da zabalik, merkatuko merkataritza-ordutegian.

Barikuan, hilak 16, Higinia Garay ilustratzaileak 'Así es como lo veo' berbaldia emongo dau Romo Kultur Etxean (17:30). Bertan, artisteak bere lan prozesuak eta narratiba inklusiboagoak bilatzeak eskatutako aldaketak azalduko ditu, gauzak irudikatzeko moduan sakonduz. Ondoren, 19:00retan, Idoia Zabaletak ‘Tengo tiempo’ performancea aurkeztuko dau, gorputz hizkuntzearen bidez errezitautako mantrak jasoten dituana. Azkenik, Helena Goñi sortzaile getxotarraren 'Zarata zuria' erakusketearen inaugurazinoagaz amaituko da jardunaldia. Erakusketea Romoko Kultur Etxean egongo da ikusgai urtarrilaren 8ra arte.

Hurrengo egunean, hilaren 17an, zapatuan, Romo Kultur Etxean egingo dan eguneko proposamenari hasierea emoteko, 'Manosear el futuro o meterle mano' saioa egingo da (10:00-14:00 / 16:00-19:00), Idoia Zabaleta sortzaileak zuzenduta. Helduei zuzendutako jarduerea da eta izena emotea eskatzen da (getxoarte@getxo.eus helbide elektronikoaren bidez). Topaketa hau interes artistikoak dituan edozein personari edo kolektibori zuzenduta dago, etorkizuneko proiektuakaz lotutako edozein gai edo duda konpartidu nahi badabe.

Goizean, Romo Kultur Etxean zuzeneko pintura saioa egingo da. 11:00etatik aurrera, Ricardo Villar artistak bere akuareletako baten sortze prozesua konpartiduko dau publikoaren aurrean, obrea egiten dauen bitartean teknikak, lanaren ezaugarriak eta beste hainbat kontu azalduz. Ordu horretan bertan jantza inklusiboko tailer elebiduna izango da Natalia Mongeren eskutik, funtzionalidade ezbardinak dituen personei zuzenduta, baita euren familiarteko, lagun eta hurrekoei be; bertan, jantzari eta koreografoak beste urrats bat emoten dau sorkuntza garaikidean prozesu inklusiboak sustatzeko.

Goizeko 11:30etik 13:30era serigrafia tailerra izango da Algortako merkatuan, Sol Benavente eta Pablo Escauriaza artistek gidatuta, Hibernando kolektibokoak. Tailerra edade guztietako jendearentzat zabalik dago, baina edade txikikoek helduek lagunduta parte hartu beharko dabe.

Ondoren, 13:00ean, saioa Romo Kultur Etxera bueltauko da, izan be, David Arteagagoitiak berbaldia emongo dau: Ibilbidea artista eta grabau irakasle lez konpartiduko dau, bilakaerea eta bien arteko loturea azalduz. Azkenik, Getxoarteko hirugarren jardunaldiari amaierea emoteko, beste berbaldi bat emongo dau Karlos Martinez Bordoyk, Getxoarte 2022 Egoitza Bekearen irabazleak.

Abenduaren 18an, domekan, Romo Kultur Etxean, emakumeentzako antzerki tailerra izango da 11:00etatik aurrera, María Fernández de Vianak zuzenduta. Sorkuntza- eta adierazpen-gune bat konpartidu nahi daben hainbat belaunalditako emakumeei zuzendutako ekimen honek fikzino dramatikoa gogoan hartuta alkar ezagutzeko eta ezagutzeko esperientzia sortzaile bateratua bilatzea dau helburu.

Ordu horretan, Alex Martín Casey margolariaren estudiora bisitea egingo da, artisteak lantokian egiten dauen lana eta sormen-prozesuak ezagutzeko. Bisitara joateko topagunea Bizkaia Zubiaren ondoan izango da.

Kontuak kontu, 13:00ean, Getxoarte 2022ren egitarauari amaierea emongo jako, izan be, Martin del Bustok berbaldia eskainiko dau ikusleei azaltzeko zelan gauzatu lan artistiko bat, ‘Flysch’ proiektuan izandako esperientzia oinarri hartuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu