VIII. Mazoka Jaialdia abenduaren 16tik 18ra
2022-12-13 08:52 Kulturea40 mazokalarien obrak eta produktuak protagonista Gasteizen.
Gabonetako jaion harian dator Marrazki eta Ilustrazino Jaialdia Montehermoso Kulturunera eta era guztietako teknika, euskarri eta neurrietako originalak dituen saltokiz beteko da: Zeramikak, eskuz pintautako zapatilak, adabaki edo jerse ilustratuak; bitxiak, ontziteria, alfonbrak, bildurra kentzeko lanparak, posterrak eta pegatinak; kopiak glicéean eta xuan papelean, serigrafia, risografia, sakongrabadua eta litografia; artistaliburuak, pop up liburuak, umeentzako liburuak, historia liburuak, komikiak edo fanzineak; infografia zientifikoak, egurrean egindako ilustrazinoa, erloju pieza zaharretan edo askotariko tresnetan; mapak, katiluak, azulejoak, dioramak eta poker kartak; washi tapeak eta giltzatakoak; kuxinak, zapiak, mantalak, diruzorroak eta neska soinekoak; gozoki mexikarrak, uriko harriak, matrioskak, egutegiak eta papelgintzako era guztietako objektuak, beteak beste, agendak, koadernoak eta postalak. Hori guztia edizio mugatuetan eta egileen eskutik.
Marrazki eta ilustrazino azoka honek 40 profesional eta amateur batzen ditu eta publikoari askotariko teknikak eta estiloak eskainiko deutsoz. Aukeraketa horren barruan artista ezagunak ditugu, besteak beste, Mar Ferrero (Madril), Celsius Pictor (Ourense), Bea Enríquez (Madril), Xabier Casals (Andorra), Mar Villar (Alacant), Mario Jodra (Zamora), Nuria Hernández (Bilbo), Jenni Kärnä (Finlandia) eta Miren Asiain Lora (Iruñea) edo Lucía Cámara, Patricia Nagashiro, Helena Malvido eta Jon Caro gasteiztarrak, baita 2022ko bekea jaso dauen Maider Leturiaga IDearteko ikaslea be.
Bizi garen gizarte edo kultura honetan, soinu bidezko adierazpen kultural baten edota adierazpen performatibo baten zirriborro fisiko bat eukiteko beharra dago. Holan, historian zehar, gaur egungo musika oharrak —errepresentazino grafiko baitira, azken finean—, irauteko eta transmitiduteko musikak hainbat zeinu idatzi edo marraztu behar izan ditu, adibidez, soinu baten altuerea eta iraupen erlatiboa irudikatzeko. Zentzumen bi horreen arteko transferentzia eta hartu-emonak —ikusmenaren eta entzumenaren artekoa— da 2022ko Mazokan izango ditugun tailerren, kontzertuen, bisita gidatuen, berbaldien eta kantu-olgeten bizkarrazurra.
Jarraitutasuna ardatz hartuta, horri buruz berba egiteko, Gasteizen izango da Carolina Queipo Gutierrez doktorea, musikologoa eta Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioko Etnomusikologiako Katedradun titularra. Mendebaldeko musikearen historiari buruzko berbaldia emongo dau, modu dibulgatibo eta partaidetzazko batean, ibilbide bat eginez grafismo musikal aitagarrienetan barrena, bertaratzen diranen zuzeneko parte hartzea dakarten jarduera praktikoak proponiduta.
Beste alde batetik, Jam Sessiona edo aurretik pentsau bako Saxo, Gitarra eta Bateria kontzertu batez gozau ahal izango da. Jam Sessionak jazzaren munduan ohikoak dira eta hor musikariak, aldez aurreko saiorik egin barik, inprobisetan hasten dira. Tradizino horri jarraituz, Mazokeak erronkea bat proponiduten deutse emakumezko hiru artistari: Batera edo bakotxaren musika tresnea txandakatuz soinua jartea pantaila handi batean proiektauta ikusiko daben ilustrazinoen hautaketa bati. Kontzertu errepetiduezina. Musika inprobisazinoaren bideari ekiteko mazokalarien artea interpretatzaileen arteagaz buztartzea izango da jarduerea: Leire Colomo Osta (bateria), María Antúnez Gurucharri (gitarristea) eta Izaskun Simón Zardoya (saxofoia) dira zuzenean soinu obra parebakoa sortuko daben interpretatzaileak.
Txikienentzat, Marrazkitekaz, horma ilustratuaz eta MusiKollage tailerraz gan (musikeak, konposizinoak, collageak eta ilustrazinoak bat egingo dabe), euskeraz egingo dan IpuinKantalariak ikuskizun musikatua izango da, Musas y Fusas-egaz.
Jaialdiaren hiru egunetan zehar, Inge Conde konpositore eta ilustratzailearen MD 6066 obrearen erakusketa musikatua be ikusi ahal izango da: 6 minutuko konposizinoa ikusgai egongo da eta, bitartean, Ahotsaren (sopranoa edo altua), saxo altuaren eta baritonoaren, pianoaren, perkusinoaren eta biolinaren interpretazinoa entzun ahal izango da Jovellanos erakusketa aretoan.
Programea osotzeko, ilustrazinoaren arloko ikasle eta profesionalei zuzendutako jardunaldi bat dago, baita koadernaketa tailer bat be (Hau ez da akordeoi bat, nire marrazki koadernoa baino izenekoa), bisita gidatuak, aurkezpenak, sinadura hitzorduak, ilustramatoia eta zuzeneko sormena be.
2022ko Kartela Inge Conde konpositore eta Mazokalariak ilustrau dau
2022ko Mazokaren kartelean musikea entzuten dogunean entzumenaz gan beste zentzumen batzuk aktibetan dirala irudikatu dau Condek, izan be, persona batzuek koloreak edota formak ikusten ditue musikea entzuten daben bitartean, grafikak ardatz hartuta musika lan bat sortu daiteke edo musika lan bat grafietara itzuli. Hori da edizio honetako ilustrazinoak irudikatzen dauen musikearen eta grafikearen arteko sinergia.
Bestalde, kartelaren hondoa bera partituratzat erabiliz, zentzumenak pentagrama lez erabiliz eta edizino honetako 5 kolore adierazgarriak erabiliz, musika noten serieak edo asmautako grafiak ikusi daitekez. Condek berbakera musikal propioa erregalau deusku Mazokarako, espazioari identidadea emongo deutsona eta, astegoienean zehar, hainbat jardueratan olgeta eta konposizino lez erabiliko da.
Inge Conde (Mazokalaria, 2021) diseinatzaile grafikoa, ilustratzailea eta konpositorea da, Arte Ederretan lizentziaduna UPV/EHU-n eta konposizinoan graduatua Nafarroako Goi Mailako Musika Konserbatorioan. Gaur egun, mundu grafikoa eta zuzendaritza korala buztartzen ditu.
Posterrak pasino ditu, emozinoak eta bizipen propioak, adimen emozionala, sentimenduak, naturea eta psikologiagaz lotutako mezuak adierazoteko dauen modua. Beka ugari irabazi ditu (EITB, Kaleartean, BilbaoArte...) eta bere lana baliabide digitalakaz jorratzen dau.
Informazino gehiago eta egitaraua hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!