Txomin Peillen idazle eta euskaltzain emeritua hil da

Bizkaie! 2022-12-12 07:50   Euskerea berbagai

Aljeriako gerreak eta Jon Mirandek eragin sakona izan eben haren obran.

Txomin Peillen (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal literaturearen sasoian sasoiko arauetatik kanpo eta bide barritzaileak urratuz, halantxe ibili zan Txomin Peillen Karrikaburu bizi osoan eta ia azkenearaino, idazteari inoiz ez eutsalako itxi. 1932an Parisen jaioa eta beti Zuberoagaz lotu-lotua, herrialde honetan hil da Peillen, 90 urtegaz. Idazle oparo, euskaltzale sutsu, kultur ekintzaile, irakasle eta euskaltzain izan zan.

1960ko hamarkadan bizi izan zituan Peillenek bere obrea eta izakerea baldintzatu eben jazoera bi: batetik, Sorbonako Unibersidadean ikasle zala, Jon Mirande ezagutu eban, ha be euskal jatorriko idazle paristarra; bestetik, Aljeriako gerrara bialdu eben eta gauza ikaragarriak ikustea egokitu jakon.

Harrezkero, jokera bakezale baina heterodoxoa hartu eban Peillenen obreak. Jon Mirandegaz bat, orduko euskal literatura konserbadorean korrontearen kontra jo eben, adibidez Igela aldizkarian. Euskerazko letrak barritzeko mugarria izan zan aldizkaria, hasieran kritika asko jaso zituan arren. Dana dala, Mirandegaz ezinikusi bat baino gehiago izan zituan, haren idea askogaz bat ez etorrelako.

Beste aldizkari ugaritan be testuak idatzi zituan Peillenek (Euzko-Gogoa, Egan...), baina liburugintzan ibili zan gehienbat. Danetariko gaiak eta formatuak landu zituan: testu laburrak, nobelak, saiakerak, antxinako testuen bildumak, hiztegiak, autobiografia eta abar, 45 liburu inguru. Euskal literatura zaharra, historia, gizakiaren gorabeherak, erlijinoa, tabuak eta sexua dagoz jorratu zituan gaien artean.

Kasu batzuetan, kulturgile tradizionalisten eta abadeen ezinikusia sufridu behar izan eban, baita zentsura modukoa be. Apurtzaileegia zan batzuentzat, gordinegia, baina, urteen joanean, Peillenek euskal literatureari egin eutsan ekarpena agirian geratu zan eta errekonozimenduak be heldu jakozan.

Besteak beste, Euskaltzaindiak kide oso egin eban 1988an eta Euskal PEN Klubeko ohorezko burua be bazan. Edadeagaitik, azken urteotan ohorezko euskaltzain kargua eukan. Bestetik, Paueko Unibersidadean irakasle erretiratua zan. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria emon eutsan 2009an.

Zuberoan egingo dabe Txomin Peillenen omenezko hiletea, Ligi-Atherei herriko eleizan, eguenean, abenduak 15, arratsaldeko 15:00etan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu