Azkuna Zentroak Laia Estruch-en 'Crol (moll)' eskainiko dau

Bizkaie! 2022-12-12 08:29   Kulturea

Esperientzia eszeniko hau abenduaren 15ean izango da, 21:30etik aurrera.

Azkuna Zentroak, Bilboko Udaleko Gizarte eta Kultura Garaikidearen Zentroak, Laia Estruchen Crol (moll) performacea eskainiko dau, Azkuna Zentroko ugerlekuan egingo dana, EszenAZen esparru bikotxean – arte eszenikoen denporaldia – eta Kinu de Tractora proiektua – Kolektibo Egoiliarren
Programea.

Laia Estruchen praktika performancearen eta eskulturearen esparruan kokatzen da eta bertatik gorputzearen hizkuntza eta ahotsa lantzen ditu. Crol (moll)-en, Laiak ura arakatzen dau bitarteko legez; horretarako, ugerleku batean jarritako objektu puzgarri batzuk erabilten ditu eta horreen formak kate batera bialtzen gaitu. Katebegi batzuek inskripzino errotulatuak ditue, itsasontzietan bezela. Ramona, Novena, Tralla edo Soca artistaren biografiari lotutako izen propioak dira, ur kloratuaren gainean alkarri lotuta uraren gainean geratzen diranak. Katebegi horreek partitura bat osotzen dabe, eta partitura horretatik abiatzen da ekintzea. Performancean zehar, uger egiten eta puzgarriakaz interakzinoan ikusten dogu abesten dauen bitartean, soinu banda bategaz eta bere gorputzak puzgarriakaz dauen kontaktua eta ahots-ariketak anplifiketan dituen hidrofono batzuekaz batera. Airean, ahotsak ahoaren barrunbean burrunba egiten dau bere burua agerrarazoteko eta, beraz, gorputz bakotxaren barrukotasun bereziaren adierazpena da. Urperatzean, barriz, barrunbe hau urez beteten da, eztarria zarratzen da eta isiltzera behartzen gaitu.

Laia Estruch (Bartzelona, 1981)

Bartzelonan bizi eta bertan lan egiten dau. Arte Ederretan lizentziaduna da Bartzelonako Unibersidadean. The Cooper Union unibersidadean ikasi eban lizentziau aurreko azken urtean (New York, 2010). Ahotsa eta gorputza dira Laia Estruchen ikerketea egituratzen daben elementuak, eskulturearen eta ekintzearen artean dagoan praktika artistikoa. Artistearen ustez, ahotsa gorputzaren hedapen bat da eta kapaz da hizkuntzearen, berbetearen, generoaren eta egitura sozialen inguruko gaiak sintetizetako. Haren lanik barrienean, artisteak ikertu dau uri-espazioek eta hareen egitura fisikoek eguneroko bizitzan beteten daben zeregin garrantzitsua. Spoken word-a, kantua, objektuak eta argitalpenak erabiliz, bere proiektuek a capella ahotsak eta nabarmendu bako gorputzek dituen aukera emotiboak aztertzen ditue eta gogoetea egiten dabe hizkuntzearen izakera performatiboaz, soinu-grabazinoaz eta ahozko artxiboaz. Eszena lez sortutako set eskultorikoak diseinetan ditu eta esperimentazino-espazio horreen bidez, ekintzearen eremura eroaten ditu gorputzea eta berbea, soinuzko eta keinuzko ahotsaren bidez.

Sarrerak

8 euroan / 6 euroan (AZ txartelagaz, 65 urtetik gorako personak, 30 urtetik beherakoak edo % 33tik gorako ezintasuna dabenak (NAN edo egiaztagiria erakutsi sarrerea eskuratzean), 8 personatik gorako taldeak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu