'Barraka' aurkeztu dau Ibai Aizpuruak, igazko Sormen Bekeari esker
2022-12-09 11:40 KultureaPlastilinazko personaiadun bideo-joko erraz eta dibertigarria da.
Pantailearen aurrean abenturak biziteko proposamen barria aurkeztu dabe Durangoko Azokako Habi@ gunean, Barraka bideo-jokoa, hain zuzen. Azokeak eta Durangoko Udalak emoten daben Sormen Bekearen igazko deialdia irabazi eban Ibai Aizpuruak, eta urtebetean amaitu dau proiektua.
Barraken eta zirkuaren munduan girotutako abentura labur, erraz eta dibertigarria dala azaldu dau Aizpuruak. Protagonistea, neskato gazte bat, sorgindutako atrakzinoetan dabil eta, kontrario gaiztoak suntsituta, onik urtetea dau helburu.
Diseinuaren aldetik, berezitasun handiena da personaiak eta objektuak plastilinaz eginda dagozala, eta ondoren pantaila digitaletarako egokituta. Bideo-jokoetan gitxi erabilten dan materiala da plastilinea, azaldu dau Aizpuruak. Esku-lanetako beste elementu batzuk be erabili ditu. Nire amesetako bideo-jokoa da, adierazo dau.
Irungo Zomorro Studio etxearen zigilupean dator Barraka. Ibai Aizpurua da kideetako bat, eta beste bultzatzaile biek be izan dabe zeresana bideo-joko barria sortzen: Gonzalo Sardonek musikea egin dau eta Iñaki Vazquezek aholku baliotsuak emon deutsaz.
Prozesu polita izan da, baina urtebetean halako egitasmo bat amaitzea ez da erraza. Horregaitik, ingurukoen laguntasuna eskertu dau: probak egiten, personaiei ahotsa jarten... lagundu deutse Aizpuruari. Gorago aitatutako Gonzalo Sardon eta Iñaki Vazquezen ekarpena be ezinbestekoa izan da. Bestetik, Construct 3 programea erabii dau, programazinoa arindu eta bisualago bihurtzen dauelako.
Ordenagailuetarako eskuragarri dago Barraka, eta eskuko telefonoetako bersinoa be prest dauka Aizpuruak, azken baimenen zain dago. Argibide gehiago hemen.
Barraka aurkezteko ekitaldian, Ibai Aizpurua sortzailea eta prozesuan lagundu deutsen lagun eta lankideak egon dira, baita Durangoko alkate Ima Garrastatxu eta Azokako arduradun Nerea Mujika be. Sortzaile guztiei plazea eta ahotsa eskaintzea beti izan da Durangoko Azokearen asmoa, eta hortik dator Sormen Bekea, 2018tik emoten doguna, azaldu dau Mujikak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!