Mendebaleko euskaldunen Erdi Aroko hizkerea aztertu dau Eneko Zuloagak

Dabi Piedra 2022-12-09 12:16   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren nobedadeetako bat da 57. Durangoko Azokan.

Eneko Zuloaga, erdian (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizkaiko, Arabako eta inguruko eskualdeetako euskerearen zuztarrak aztertu ditu Eneko Zuloaga ikerlari bizkaitarrak, mende batzuk atzera eginez gaur egungo ezaugarri berezien jatorria ezagutu eta sasoi bateko Mendebaleko euskaldunek zelan egiten eben berba jakiteko. Aurtengo Durangoko Azokako erakusmahaian Euskaltzaindiak aurkeztuko dauen nobedadeetako bat da liburua.

EHUren eta Euskaltzaindiaren alkarlanari esker dator, hain zuzen, Mendebaleko Euskara Zaharra: ezaugarriak, kronologia eta geografia liburua. Dialektologia historikoaren alorrekoa da Zuloagaren lana.

Erdi Aroan jarri dau arretea, gehienbat. Joseba Lakarra hizkuntzalariaren arabera, Mendebaleko Euskera Zahar izeneko unidade linguistikoak hartu eban sasoi haretan euskal eremuaren sartaldeko partea. Hizkera haren ezaugarriak zeintzuk ziran identifikau ez eze, ze eremu zehatz hartzen eben eta ze bilakaera egon zan aztertu dau Zuloagak liburuan.

Euskaltzaindiaren erakusmahaian erosi leiteke Mendebaleko Euskara Zaharra, baina, edukiaz gehiago jakin nahi dauenak aukerea izango dau Eneko Zuloaga egilearen berbak entzuteko, Landako Guneko Talaia aretoan, zapatuan, hilak 10. Aurkezpena 15:30ean hasiko da.

Akademiak Durangora ekarri dauen beste nobedadea be aspaldiko euskereari lotuta dago: Luis Mari Zalduaren Euskal Herriko Antzinaroko jainko eta jainkosen izenak liburua. Lekukotuta dagozan Antxinaroko jainko-jainkosen izenak aztertu ditu Zalduak, orain arte gaiaren inguruan esan izan dan guztian sakondu eta proposamen barriak egiteko asmoz. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu