'Kilimaterioa', bakarrizketak eta bertsoak buztartzen dituan ikuskizuna
2022-12-09 09:36 BertsolaritzeaSaio bikotxa egongo da Szenatokian, gaur, hilak 9.
Kaitin Allendek sortutako bakarrizketeagaz buztartu ditue Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Andaren bertsoak, eta holan jaio da Kilimaterioak ikuskizuna. Bizitzearen hainbat emakumeren bizipenak oholtzara eroateko modua da, bakotxaren errealidade ugariak agertzeko, umorez eta konpleju barik.
57. Durangoko Azokako Szenatokia gunean ikusi ahal izango dogu Kilimaterioak, gaur, barikua. Aukera bikotxa dau publikoak: 18:30ean eta 19:30ean. San Agustin Kulturgunean ipini dabe aurten Szenatokia.
Ikuskizun barriaren oinarria Kaitin Allenderen Klimaxetik klimateriora eta buelta bakarrizketea da. Komedialdia jaialdia irabazi eban pieza horregaz, baina hiru bertsolarigaz bat eginda zabaldu egin dau ikuskizunaren formatua.
Zer jazoten da emakumearen bizitzan klimaterioan sartu eta menopausia ate joka dagoanean? Zelan sentiduten gara? Alboan doguna akabatzeko moduan gagoz, suminkortasunez beteta abanikoen erreginak bihurtzen gara, azaldu dabe ikuskizunaren egileek. Klimaterioa klimaxera heltzeko autopistearen bila dabilenean, emakumeen ibilerak kontauko ditue, bakarrizketa eta bertsoak buztartuz alkarrizketara bidea egiteko.
Allende, Perea, Ibarra eta Anda lau emakume heldu dira, oholtzara ohituak, sortzaileak, sorginak, bakotxa egoera eta ziklo desbardin batean dagoana, gaiari umorez eta konpleju barik heltzeko gogoz. Saio bakotxa sorpresaz beteta datorrela agindu dabe, olgeteak eta inprobisazinoak lagundutako akelarre txiki bat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!