Metrokoadroka kolektiboak jaso dau I. JMT Bekea
2022-12-08 09:08 KultureaArtxibo biluzia proiektua gauzatzeko urte eta erdi dabe irabazleek.
Jakin Fundazinoak eta Usurbilgo Udalak alkarregaz sortutako JMT Bekeak, Joan Mari Torrealdai zanaren omenez deitua, badau lehenengo edizinoko ebatzia: Metrokoadroka kolektiboaren Artxibo biluzia aukeratu dau epaimahaiak. Urte eta erdiko epean egin beharko dabe, eta 14.000 euroko laguntzinoa emongo deutsee.
Metrokoadrokako kide Oier Guillanek azaldu dauenez, proiektua iraganerako begiradatzat hartzen dan dokumentazinoa etorkizunera begira jarteko preminatik dator, dokumentakzino bihurtzeko asmoz. Ikerketearen zabalkundeari garrantzia emongo deutse, eta irabazleek beren-beregi sortutako antzerki-performance piezez gan, herritarrei tresnak emoteko eta euren aletxua jarteko tailerrak be aurreikusi ditue.
Epaimahaiak aho batez aukeratu dau Artxibo biluzia proposamena, bekara aurkeztu diran 13 egitasmoen artean. Abiapuntu indartsua dauela uste dabe epaimahaikoek, Torrealdairen bizipen ilun batean oinarritu diralako, hau da, atxiloketan, beste gauza askoren artean ostu eutsen artxiboan. Esanguratsua da hutsik geratu zan artxibo ha beteteko aukeratutako bidea: galderea, zeintzuk litzatekezan etorkizunerako berreskuratu nahi diran memoria zatiak, iraganeko eta oraingo ze erreferentzia kulturalegaz bete etorkizuneko artxibo hori.
Maialen Akizu, Eduardo Apodaka, Ibai Iztueta eta Ainara Lasa izan dira I. JMT Bekako epaimahaikideak.
Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta Mesak azaldu dauenez, Usurbildik Euskal Herriari beste ekarpen bat egiteko bokazinoz jaio zan bekea, Torrealdaik bizitza osoan egin eban lan horretan sakontzeko asmoz: ikerketan, herrigintzan eta dibulgazinoan, etorkizunari begira.
Haritz Azurmendi Arrue Jakineko kide eta bekearen koordinatzaileak parte-hartzea azpimarratu dau, kopuruz zein mailaz: Etorkizuneko euskal kultureari begira jarteko ariketea eskatzen genduan eta proposamenek heldu deutse transmisinoaren auziari, kulturgileen sarea josteko aukerei, herritarren parte-hartzeari eta ikusgarritasunari, praktika barritzaileei.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!