Musika-Música jaialdiaren aurrerapena abenduaren 13tik 15era

Bizkaie! 2022-12-07 12:42   Musikea

Notak & Letrak goiburupean, hiru kontzertu egongo dira Bilboko Azkuna Zentroan.

Martian egingo dabe Bilbon Musika-Música jaialdiaren 22. edizinoa, baina orduan entzungo dan musikearen lagin edo atariko bat abenduan emotea pentsau dau Bilboko Udalak. Hortaz, abenduaren 13, 14 eta 15ean, egunero dobako kontzertu bat egongo da Azkuna Zentroan, 19:00etan, martiko egitarauagaz lotua.

Bilbo musikearen uriburu bihurtzeko asmoz, Notak & Letrak goiburupean dator 2023ko Musika-Música. Abenduko kontzertuak be gai horren ingurukoak izango dira, talde eta interprete ospetsuen eskutik.

Lehenengo emonaldia, abenduaren 13koa, Moby Dick bandearena izango da, Iñaki Estrada, Ciklus Ensemble, José Miguel Baena eta Asier Pugaren alkarlanetik sortua. Aurretik, César Cocak atariko azalpenak emongo deutsaz publikoari.

Bigarren hitzordua, 14an, Cello 360 bikotearen eskutik dator. Christian-Pierre La Marca biolontxelo jolea eta Yaman Okur jantzaria dira proiektuaren zutabeak. Atariko berbaldia Mercedes Albainak emongo dau.

Amaitzeko, Proust, le concert retrouve saioak zarratuko dau abenduko egitaraua, 15ean. Théotime Langlois de Swarteren txeloa, Tanguy Williencourten pianoa eta Estudio Gheadaren ikusizko lanak buztartzen ditu ikuskizun berezi honek. Mercedes Albainak emongo ditu hasierako azalpenak.

Kontzertuok dobakoak diran arren, aurretik gonbidapenak eskatzea beharrezkoa da. Horretarako epea abenduaren 9tik 15era egongo da zabalik, arratsaldez, Azkuna Zentroko txarteldegian (gonbidapen bi personako eta kontzertuko).

22. Musika-Música 2023ko martiaren 3tik 5era egingo dabe, Bilboko agertoki ugaritan. Musika klasikoa gizarteratzea eta persona guztiei hurreratzea helburu, urtero lez, bertoko eta kanpoko ehundazak artista ekarriko ditu jaialdiak Bilbora, besteak beste, orkestrak, taldeak, bakarlariak, konserbatorioetako kideak eta abesbatzak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu