Osasuna, bidaiak eta taloa, abenduko Darabilbo programan

Bizkaie! 2022-12-07 10:46   Euskerea berbagai

Betiko lez, jarduera guztiak doban eta euskeraz dira.

Planez beteta dator beste behin Darabilbo, Bilboko Udalak eta uriko euskaltegien sareak martxan jarritako programea. Abenduan, besteak beste, osasunagaz, bidaiakaz eta jatekoagaz lotutako jarduerak atondu ditue. Gogoan izan behar da parte hartzea dobakoa dala, baina aurretik izena emon behar da, webgunean.

Aisialdian euskerea praktiketako aukerak emotea da Darabilboren helburua, jente guztiarentzat aproposak diran plan erraz baina dibertigarrien bidez. Euskerea hobetu nahi dabenek hartu leikie parte edo, beste barik, beste euskaldun batzukaz berba egin nahi dabenek. Eremu informalak horretarako modu aproposa emoten dau.

Kontuak kontu, abenduan be danetariko planak dakarrez Darabilbokoek. Berez, egitaraua hilaren 1ean eta 2an hasi zan, baina ekitaldi gehienak Durangoko Azokearen osterako itxi ditue. Esate baterako, 12an, lepoko mina kentzearen inguruko berbaldia emongo dau Iera Garcia adituak, Abandoko udaltegian.

Hilaren 14an eta 15ean, ostera, bidaien txandea helduko da. Asier Arroitak Albania, Turkia eta Bulgariara joan zaneko kontuak azalduko deutsaz publikoari. 14an, goizez, Matxintxu euskaltegian eta 15ean, arratsaldez, Deustuko Bidarte udaltegian.

Amaitzeko, San Tomas egunaren bueltan, taloak egiten ikasteko tailerrak emongo ditue Anek eta Goranek. Bi bidar egingo dabe, bietan Lizardi euskaltegian, baina abenduaren 21ekoa eguerdian izango da eta 22koa, arratsaldean.

Herritarren parte-hartzea ezinbestekoa da Darabilbok aurrera egin deian. Horregaitik, interesa daben euskaldunek proposamenak bialdu leikiez, gustuko jardueraren bat atondu nahi badabe. Ganera, Egunean behin online jokoaren 10. denporaldian, Darabilbok eta Bilboko Berbalagunek taldea egin dabe, eta nahi daben guztiak animau ditue erta izena emotera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu