Euskaltzale eta kulturgileek emongo ditue finaleko sariak
2022-12-07 09:05 BertsolaritzeaTartean da Paulu Zedda inprobisatzaile sardiniarra.
Gauza jakina izan da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazleari Iñaki Muruak jantziko deutsala txapela. Urteetan bertsolaritzeari egin deutsan ekarpen baliotsua autortuko deutse Muruari, lehenengo bertsolari izan zalako eta, ondoren, Bertsozale Alkarteko lehendakari. Baina, sari nagusiaz gan, beste asko be izaten dira finalean, eta horreek emoten nortzuk ibiliko diran jakin dogu.
Euskalgintzearen eta kulturgintzearen alorretako personak aukeratu ditue, gehienbat. Bertsolariak izango dira horreetako batzuk, adibidez, Irantzu Idoate Funosas gaztea, Eskolarteko txapeldun izan barri: bigarren sailkatuari emongo deutso saria.
Hirugarren eta seigarren sariak, ostera, Sagrario Alemanek emongo ditu. Aspalditik Nafarroako euskerea bultzatzen egin dauen lanaren autortzea izango da. Beste sari bi Edurne Azkarate aktore eta aurkezleak emongo ditu. Bertsolaritzeagaz lotutako antzezlan eta telebistako saioetan ikusi ahal izan dogu Azkarate.
Nazinoartetik helduko da sariak emoteaz arduratuko dan bestea, Paulu Zedda sardiniarra hain zuzen. Munduko beste kantu inprobisaduakaz alkarlanean dabiz bertsolariak azkenaldion, zubiak eregiten eta sustapenerako bideak bilatzen. Zedda cantadoria da, sardineraz kantetan dauen inprobisatzailea.
2022ko irabazleak jantziko dauen txapela Itziar Alduntzin donostiarrak egingo dau. Ganera, Mikel Lertxundi berriatuarrak egindako eskulturea be jasoko dau. Bigarren lekuan geratzen dan bertsolariari Iker Valle andoaindarrak egindako brontzezko eskulturea emongo deutse eta hirugarren lekutik zortzigarrenera sailkatzen diranei, pintura bana: Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Marta Cardenas, Mariano Arsuaga eta Olatz Irigarai dira egileak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!