12 urtez ontzia gidatu ostean, Paul Bilbaok erakundearen lemea pasau deutso Idurre Eskisabeli
2022-12-07 08:19 Euskerea berbagaiEuskalgintzearen Kontseiluak 25. urteurrena ospatu dau Durangon, sortu zan egun eta leku berean.
Mende lauren bete dau euskerearen aldeko gizarte eragileen bilgune handienak. 1997ko abenduaren 6an aurkeztu eben Durangon Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseilua, 2020tik aurrera Euskalgintzearen Kontseilua izenez ezaguna. Egun eta leku berean ospatu dau 25. urteurrena, ordezkaritza instituzional, politiko, sindikal eta sozial zabala izan dauen ekitaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeroaile eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako Sailburuordea, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko foru zuzendaria, UEMAko koordinatzailea eta Ima Garrastatxu Durangoko alkatea. Era berean, ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako arduradunak be ekitaldian izan dira, bai eta EAJ, EH Bildu, EH Bai eta Sortu alderdi politikoetako ordezkariak be. Kontseilua osotzen daben 30 bazkideetako ordezkariak be ez dira faltan izan.
Adostasunetan sakontzea helburu
Ekitaldiaren protagonista nagusia izan da Idurre Eskisabel Larrañaga. Idazkari nagusi kargua hartu barritan, esker ona adierazo deutse genealogia euskaltzaleari, euskerea ur putzu sakon eta ilun bat besterik ez zan sasoietan be ez ebalako etsi, baita egun euskerea itsaso zabal bat izan daiten arloz arlo lan egiten daben pertsona guztiei be. Itsasoaren metaforea izan da nagusi Eskisabelen berbatan. Euskalgintzearentzat ezagunak diran itsasoak izan ditu ardatz, eta oraindino ezagutu beharrekoak. Itsasontzia da Kontseilua; lemazaina, idazkari nagusia. Eta, 12 urtez ontzia gidatu ondoren, Paul Bilbao Sarriak bazkide guztien aurrean pasau deutso erakundearen lemea Idurre Eskisabeli.
Euskalgintzako kideak aspalditik gabiz aro barri bat iragarten. Jaubetuta munduaren aldaketa abiadurea inoiz ez bezela bizkortu dala azken hamarkada biotan, orain arteko tresnea, apareju eta nabigazino kartak daborduko ez deuskuelako balio. Baina aro aldaketak ez dira egun batetik bestera jazoten eta euskalgintzea badagoalako ziklo barrian sartuta adierazo dau Eskisabelek, izan be, bizi garen munduan hizkuntza nagusiak gero eta nagusiago dira eta mundua eta gu gero eta homogeneoagoak. Horrenbestez, hizkuntza txikiagoetan, gitxiagotuetan, gabizanok bultzadea behar dogu, eratu eta sustatu behar ditugunak. Bide horretan, itsaso barriak esplorauko ditu Kontseiluak.
Bestalde, gogora ekarri dau igaz Kontseiluak bultzatutako Batuz Aldatu adostasun soziala. Bertan, euskalgintzako eta euskalgintzatik kanpoko ehundik gora gizarte eragilek bat egin eben etorkizuneko hizkuntza-politikearen bide orriagaz euskerearen erabilera erosorako baldintzak sortzea helburu, ezagutzearen unibersalizazinoa lortzea eta erabilerarako eremuak garatzea. Egungo politikek behar daben saltoa bultzatzeko, Eskisabelek adierazo dau adostasunean sakontzea izango dauela helburu, adostasuna euskalgintzako eragile eta norbanakoakaz, adostasuna instituzinoakaz eta adostasuna beren burua euskalgintzatik eta euskeratik urrun ikusten daben arren, bizikidetza, justizia eta kohesino soziala helburu dituenakaz be, euskerearen bizibarritzea justizia eta kohesino sozialari muin-muinean lotzen jakon gaia baita.
Azkenik, idazkari nagusi barriak azpimarratu dau «euskareak zeozer behar badau, hori politikea da, letra larriz idatzitako politikea. Diferentzien gainetik interes orokorrean, euskerearen bizibarritzean begiradea jarteko kapaz izango dana. Adostasun politiko horreek lortzea izango da nire ahalegina».
Batasunetik erantzuteko deia
Castillo Suárez idazle eta euskaltzainaren olerki errezitaldiak emon deutso hasierea ekitaldiari. Ondoren, Kontseiluaren sorrera prozesua eta hasierak ekarri ditu gogora lehen idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartuk, baita 1998an Kontseiluak gizartearen aurrean egindako ekimen ahaztuezina be, Euskal Herriko bost futbol-zelai leporaino bete zituanean Bai Euskereari aldarrikatzeko. Bestalde, Bai Euskereari ziurtagiriaren eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren sorrerea bee izan ditu berbagai, hain zuzen be, hizkuntza-politiketan maila spzialean eta politikoan eragiteko tresnak. Era berean, euskalgintzeak bizi izandako momentu gogorrak be aitatu ditu, tartean, Kontseiluko bazkide zan Euskaldunon Egunkaria zarratzea eta kriminalizazinoa.
Jarraian, 2010etik idazkari nagusi izandako Paul Bilbaok gogora ekarri dau ardurea hartu ebanean euskalgintzeari, eragile sozial eta sindikalei, bai eta instituzino eta alderdi politikoei egin eutsezan eskaerak eta horreek gaurkotu ditu: Batetik, euskalgintzeari, Kontseiluan sinisten jarraitzeko, Kontseilu sendoak euskerearen normalizazino-prozesua bizkortuko dauelako. Bigarrenik, eragile sozial eta sindikalei, hasitako bideari jarraitzeko, adostasun sozial zabalek ahalbidetuko dituelako adostasun politikoak. Azkenik, alderdi politikoei eta instituzinoei, eskaera bakar bat egin deutse: Kontseilua eragileakaz jorratzen dabilen askotariko adostasunen edukiari erreparau deiotsela. Adostasun handiko proposamenak dirala eta horreek martxan jarri ezkero, gehiengo zabala izango dabela euren alde. Berbaldiaren amaiean, bertaratutako guztiei eskatu deutse modu bateratuan erantzuteko auzitegietatik etorriko diran oldarraldi judizialei.
Amaitzeko eta ekitaldian itsasoari, lemazainari eta ontziari egindako erreferentzia guztiak buruan, Eñaut Elorrieta abeslariak Ken Zazpi taldearen Itsasoa gara kantau dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!