2022ko Ohorezko Lauaxeta Sariek nazinoartean euskerearen ezagutza eta erabilerea zabaltzea saritu dabe

Bizkaie! 2022-12-02 14:13   Euskerea berbagai

Rafael Yustek, Laurak Batek eta Hanna Lanttok jaso dabe 2022ko Lauaxeta Ohorezko Saria.

Bizkaiko Foru Aldundiak Lauaxeta Ohorezko Saria emon deutse nazinoartean euskeraz jakin eta erabilerea zabaltzen ibilbide luze eta emonkorra egin daben persona eta erakundeei: Euskereari prestigioa emoteko egindako lanagaitik, Rafael Yuste izan da saritua; Laurak Bat erakundeak, Buenos Airesko Euskal Etxeak, euskereari Euskal Herritik kanpo eusten eta iraunarazoten egindako ibilbideagaitik be izan da saritua, ordezkari lez Jose Gabriel Anituak saria jaso dau; eta Hanna Lanttok saria jaso dau unibersidadeetan irakurletza programen bidez euskerearen erabilerea sustatzeko egindako lanagaitik. XVIII. edizino honetan Ikus-entzunezkoen kategoriako Lauaxeta saria Iratxe Fresnedak jaso dau. Poesiako Lauaxeta Sariei jagokenez, 35 urtetik gorakoen kategorian Aritz Gorrotxategi izan da saritua eta 35 urtetik beherakoen kategorian, barriz, Itziar Ugarte.

Lauaxeta sariak

Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Unai Rementeria Maizek eta Euskera, Kultura eta Kiroleko diputaduak, Lorea Bilbao Ibarrak, 2022ko Lauaxeta Sariak emon ditue gaur Bilboko Alkarte Filarmonikoan egindako ekitaldian. Lauaxeta Ohorezko Sariaren helburua Bizkaian eta oro har munduan euskerea sustatu, zabaldu eta normalizetako egindako ekarpenagaitik nabarmendutako personak edo taldeak jentaurrean autortzea da, merezimendu handiko jarduera horreek sarituz eta zabalduz, ahal dan neurrian gizartea euskerea sustatzeko lan horretara erakarteko pizgarri izan daitezan.

Hamezortzigarren edizino honetan Rafael Yustek, Laurak Batek eta Hanna Lanttok jaso dabe 2022ko Lauaxeta Ohorezko Saria, nazinoartean euskerearen ezagutzearen eta erabilerearen zanalkundean egindako lan luze eta emonkorragaitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu