Euskerazko ikus-entzunezkoen konpromisoa txalotu dau Bilboko Udalak
2022-12-02 13:55 Euskerea berbagaiKomunikabideok urian euskerea normalizetako lana ezinbestekoa dala dino.
Euskerearen Nazinoarteko Egunaren bezperan, euskera hutsean behar egiten daben uriko hiru komunikabide omendu ditu Bilboko Udalak, hirurak be ikus-entzunezkoen alorrekoak: Hamaika Telebista, Bizkaia Irratia eta Bilbo Hiria Irratia. Lekuan lekuko hedabideen konpromisoari autortzea da, bilbotarren artean euskerea normalizetan eta euskal kulturea sustatzen egiten daben lanagaitik.
Udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak harrerea egin deutse hiru komunikabideetako ordezkariei, eta Dario Urzay artisteak egindako grabadu bana emon. Iñaki Uria (Hamaika), Jabi Onaindia (Bizkaia Irratia) eta Ane Zabala (Bilbo Hiria) dira hiru horreetako zuzendariak. Bertan izan dira, ganera, erakundeetako, kulturgintzako eta gizarteko beste ordezkari ugari be.
Euskera hutsez emitidutea da zuen ezaugarria, berezi egiten zaituena, esan deutse Aburtok omenduei. Bilbo gero eta euskaldunago baten bultzatzaile zarie, bilbotarrek euskeraz berba egitea eta euskeraz bizitea sustatzeko eragileak. Alkateak uste osoa dau euskera hutsean emitidutea apustu nekeza dala, baina denporeak erakutsi dauela apustu sendoa be badala.
Beste alde batetik, aurreko urteetan lez, Bilboko Udalak bat egin dau Euskerearen Eguneko adierazpen instituzionalagaz. Adostasuna, etorkizunaren giltzarri izenburupean, Eusko Jaurlaritzeak zabaldu dau agiria, nahi daben herritar eta erakundeek babestu deien. Euskerearen Legearen 40. urteurrena gogoan hartzen dau adierazpenak.
Asko zor deutso euskereak adostasunari, dino testuak. Eta adostasunak borondatea dau oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna behar dira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezbardinak doguzanon artean diagnosiak eta aurrerabiderako pausuak adosteko. Ez da ezelan be eginkizun erraza; bai, ostera, euskerearentzat ezinbestekoa.
Adierazpenak dakarren beste pasarte hau be nabarmendu dau Udalak: Neurri berean dau euskereak ezinbestekoa inor ez atzean ixtea eta aurrera pausu bizi baizen sendoz egitea. Euskereak batzen gaitualako, ez ezelan be banatzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!