Kristonak taldea bueltan da
2022-12-02 09:31 MusikeaRock doinuak dira Ahobetehortz diskoaren oinarria.
Urte gitxi batzuk isilik egon eta gero, izen barri eta guzti bueltau da Kristonak taldea euskal musikearen panoramara. Eskean Kristo izenagaz ezagutu genduzan arratiarrak lehenago, baina euren bosgarren diskoan Kristonak izena hartu dabe. Ahobetehortz (Elkar) da berbizkunde honen lehenengo emoitzea, zortzi kantu dakarzan disko rockeroa.
Kolaboratzaile ezagunak izan ditue lan barri honetan, tartean Niko Etxart. Kantari zuberotarragaz aspalditik ditue hartu-emonak, Eskean Kristoren disko batean parte hartu ebanetik, eta barriro egin dau bat arratiarrakaz. Ganera, Roberto Moso (Zarama), Aiora Renteria (Zea Mays), Jose Mari Bizardun eta Olana Liss be entzun geinkez kantu banatan.
Ahobetehortz diskoaren oinarria rock-and-rolla da, horretan ez dabe zalantzarik. Kolaboratzaileen parte-hartzea daben piezetan estiloa pixka bat egokitu behar izan dabela onartu dabe Kristonak-eko kideek, baina, ganerakoan, lan guztiz rockeroa da. Victor Sanchezek gidatu ditu grabazinoak.
Eskean Kristo proiektuaren barruan agertutako zalantzetatik eta tirabiretatik jaio da Kristonak, pandemia sasoian. Orduan hasi ziran kantu barriak sortzen, inguruko gaietan inspirazinoa bilatuta. Jakina, pandemiak, itxialdiak eta gerreak lekua dabe abestietako berbetan, baina kontu arinagoak be jorratu ditue Ahobetehortz-en.
Zuzenekoak joteko be gogoz dagoz Kristonak taldekoak. Oholtza ganean gozetan dabe gehien, eta laster agertuko dira zaleen aurrean, urtarrilean kontzertuak hasteko asmoz dabiz eta. Ganera, abenduan, Ahotsenean aurkeztuko ditue Ahobetehortz-eko doinuak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!