Durangaldeak irabazi dau XXX. BBK Sariketea

Bizkaie! 2022-12-02 08:10   Bertsolaritzea

Bertsolari ugarik hartu dabe parte lehiaketearen 30. urteurreneko ospakizunean.

Durangaldeko bertsolariak Bilboko finalean (argazkiak: Bizkaiko Bertsozale Alkartea) | Ikusi handiago | Argazki originala

Arratsalde eta iluntze osoa hartu zituan jaia egin eben atzo, eguena, Bilboko BBK Salan, XXX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketako finalaren kontura lehenik, eta lehiaketearen beraren 30. urteurrenaren ospakizunean gero. Finalean Durangaldea eta Lea-Artibai eskualdeetako taldeek kantau eben, eta Bizkaiko belaunaldi gazteek dakarren mailea garbi geratu zan.

Epaileek 493 puntu emon eutsiezen Durangaldekoei, eta honeek dira aurtengo irabazleak. Lea-Artibaik 454,5 puntu batu zituan. Bestetik, kantaerarik onenaren saria Durangaldeko Ander Elorriagak irabazi eban.

Honeexek izan ziran eskualde bietako ordezkariak:

Durangaldea: Maddi Aurtenetxe, Kelmene Abaitua eta Ixone Asategi (18 urtera arte) eta Araitz Katarain, Ander Elorriaga eta Irune Basagoiti (26 urtera arte).

Lea-Artibai: Amaiur Galdos, Ariane Sololuze eta Ziara Larrinaga (18 urtera arte) eta Bittor Altube, Enare Muniategi eta Garazi Navarro (26 urtera arte).

Finaleko aurkezlea Jone Larrinaga izan zan eta epaileak honeek: Beñat Romero, Juanjo Respaldiza eta Miriam Juaristi; idazkari, Ione Narbaiza.

Sari banaketan Koldo Bilbaok (BBK), Juanjo Respaldizak (Ikastolen Alkartea) eta Beñat Vidalek (Bizkaiko Bertsozale Alkartea) hartu dabe parte. Oholtzara igon dabe aurtengo sariketan kantau daben ganerako eskualdeetako ordezkariek be, eta opari bana emon deutse.

Behin sariak emonda, BBK Sariketearen 30 urteak ospatzeko jaia hasi da. Ibon Iza arratiarrak bertsoak jarri deutsaz 30 urteotako ibilbideari. Ondoren, lehiaketan aspaldi parte hartu eben bertsolarien txandea heldu da, eskualde bakotxeko bat. Lehenik eta behin, Etxahun Lekuek (Uribe Butroe) eta Onintza Enbeitak (Busturialdea) brindisa egin eben bertsotan.

Ondoren, bat-batean kantau eben Nerea Ibarzabalek (Lea-Artibai), Igor Elortzak (Durangaldea), Oihana Bartrak (Hego Uribe) Asier Alcedok (Enkarterri-Ezkerraldea-Meatzaldea), eta Jone Uriak (Uribe Kosta). Gai-jartzaileen lana be aitatu behar da, Igor Menika eta Idoia Anzorandia ibili ziran horretan.

Onintza Enbeita eta Etxahun Lekueren brindisa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu