Maider Larrañaga: 'Ez gara lo egoteko eskualdea'

Koldo Isusi Zuazo 2022-12-12 07:55   Barriketan

2020. urtean ateak zarratu zituanetik geldi egon da Durangoko Plateruena Kafe Antzokia baina urteotan Plateruena eta gero, zer? plataformea eta Durangaldeko kultur eragileen eta Durangoko Udalaren beharraren ondorioz, martxan hasiko da barriro martiaren 3an. Durangoko Udalarena izango da aretoa baina herritar talde batek izango dau ardurea proiektua aurrera eroateko.

Maider Larrañaga da proiektu barriaren koordinatzailea eta gustora emon deuskuz eskatu deutsaguzan azalpenak.

1.- Plateruenak 2020. urtean ateak zarratzea penaz hartu genduan askok baina zorionez, laster zabalduko ditu ateak barriro kafe antzokiak. Noiz?

Martiaren 3an, hain zuzen be baina Durangoko Azokako Ahotseneako jarduerez gan, abenduaren 14an, AEK-k Mintzodromoa eskainiko dau; hilaren17an, Durangoko musika taldeek kontzertuak eskainiko ditue eta Gabon jaiotako programazinoan be zeozertxu eskainiko dogu eta Berbaro Alkarteak be berton egingo dau urteko azken bertso saioa. 

2.- Gabon bueltako horreen ostean martiaren 3an izango da inaugurazino ofiziala. Egun horretarako zeozer aurreikusi dozue?

Aurkezpen ofiziala izango da eta holakoetan erakundeetako ordezkariak, atontzaileok eta izango gara. Ezustekoren bat be egongo da baina oraingoz ezin dot ezer aurreratu. 

3.- Plateruena koordinauko dauena zeu zara. Zeintzuk dira zure burukominak?

Orain artekoak, bategaz eta besteagaz egotea, hartu-emonak, norberaren eretxiak besteenakaz konpartidutea eta holakoakaz ibili gara buru-belarri baina maila personalean, urduri ez jartea da nire ardurea orain, aurkezpen ekitaldira hurreratuko diran erakunde zein herriko ordezkarien aurrean ganoraz esan ahal izatea pentsautako gauza guztiak. Ez da erraza izango ze erronka handia da aurrean daukaguna. Ilusino handia eragingo deust niretzako kultur mahaia martxan jartea, herriko eragile, sortzaile, artista, gizabanako eta ardurea dauen jentea batuko dalako horra. Lanerako ekarpenak egin eta beharrerako prest dagoan jentea behar dogu eta badakit hutsik ez deuskuela egingo. Ardura handia da niretzako topagune hori ahalik eta sendoena izatea eta ahalik eta gehienek parte hartzea.

4.- Durangoko San Agustin Kulturgunean ibili zabiz eta, beraz, kulturearen mundua ez da arrotza zuretzako. Durangaldean, kultura arloan zein da egoerea?

Ona. Dinamika aktiboa da Durangaldekoa eta gauza ausartak egiten be atrebiduten gara. Egitekoak beti dagoz baina gauza asko nabarmenduko neukez: Durangoko Liburutegia, San Agustin Kulturagunea, Arte eta Historia Museoa eta Durangaldeko Bertso Eskolea; ekimen ausartak be azpimarratuko neukez, Liburutegiak eskaintzen dituan programak zein Museoak atontzen dituan erakusketa eta tailerrak.

Zugaza zinema-aretoa be ez daigun ahaztu, lan oparoa eta programazino mamitsua eskaintzen dabe. 

Kultura talde piloa dago hemen eta adierazgarria izan zan pandemiaren ondoren, Durangoko Udalak herriaren berraktibazinorako Durango Sorleku Bekea martxan jarri ebala, 40 eskaera baino gehiago jaso zituana.

Jantza taldeak be badoguz, Durangon hiruzpalau talde eta Durangaldea kontuan hartuta askoz gehiago dira.  

Ez gara lo egoteko eskualdea.

5.- Plateruena Durangoko Udalarena izango da baina aretoaren kudeaketea lehiaketa publikora ataratea be beste aukera bat zan... 

Kudeaketea Udalarena izango da baina zerbitzu bat publikoa edo pribatua izateko aukerak mahai gainean izan genduzan eta alde onak eta txarrak aztertzeko balio izan euskun; Plateruenaren helburuak ez doguz orain zehaztu, lehendik datoz baina hausnarketa prozesu bi egon dira, bata Plateruena eta gero, zer herri plaformearena eta bestea, Durangoko Udalarena; biek proponidu ditue antzeko helburuak: Kulturea eta euskerea buztartzea eta sorkuntzea ardatz izango dauen lekua izatea eta, beraz, horreek badira helburuak egin daigun aurrera. Hirugarren bat tartean sartuta herrigintzeak eta parte-hartzaile izakereak galdu egingo leukelakoan, Udalak gogor egin dau Plateruenaren alde eta 300.000 eurotik gorako aurrekontua eskaini deusku. Goazen aurrera, beraz.

6.- Kultur Mahaia sortuko dala be aurreratu dozue, taldelanak izan deian indarra. Nortzuk izango dira alkargune horretan?

Alkargune hori indarrean sartzeko hausnarketa prozesuan gabiz ardurea daben herritar zein eragileen artean. Zenbat eta zabalagoa izan parte hartzeko topagune hori orduan eta indar handiagoa izango dau, gurea ez da izango konsultarako tresnea, parte hartzekoa baino. 

7.- Berbaro taldeak zeresan handia dauka Plateruena Kafe Antzokiaren sorreran...

Duda barik. 900 kideko kooperatibeak hartu eban jausten egoan eraikina berregiteko ardurea eta obrak eta enparau guztiak beregan hartu zituan eta 20 urteren buruan eraikinaren erabilera publikoa posible izan zan;  azkenean,  Plateruena martxan jarteko motorra Berbaro izan zan. Eskerrak emon behar deutsaguz alkarteari egin eben behar eta ahalegin guztiakaitik eta sortutako gune dinamiko eta parte-hartzaileagaitik. 

 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu