Urkuluko urtegia: ur faltan baina edertasunaren gordeleku

Amaia Larruzea 2022-12-01 13:17   Ibilian-ibilian

Anboto eta Udalatx mendiak ur ganetik ikusteko aukera parebakoa dogu.

Libre izatea ez da soilik zeure kateak apurtzea, besteen askatasuna hobetzen eta errespetetan bizitea baino, halantxe inoan Nelson Mandelak eta halantxe emon nahi neuskio hasierea artikulu eta proposamen barri honi be.

Debagoiena eskualdera goaz gaurkoan, nora eta Aretxabaletako Urkulu laku ederrera. Anboto eta Udalatx mendiak ur ganetik ikusteko aukera parebakoa dogu honakoa, baita 6.5 kilometroko ibilbidean barrena, oinezean, arineketan edota txirrindulaz ibilteko leku aparta be. Ibilbide biribila bertara hurreratu eta handik ibili nahi izan ezkero; aukerak, ostera, hainbat eta hainbat dira.

Azpimarragarri dogu Aretxabaletako herritarrek herritik bertatik igon ohi dabela, bidegorritik; aldapatxua dago, baina ederra eta eroangarria da, bere horretan. Badira ganerako herrietatik bertara oinezean joan eta ibilbide/bidegorri hori luzatzeko aukerea aprobetxetan dabenak be. Esate baterako, Arrasateko San Andres auzotik abiatuz, Aretxabaletarantz egin daiteke, lehenago esan bezela, oinezean, arineketan zein  txirrindulaz, eta gero, Urkuluratz doan bidegorriagaz buztartu. Gero, bertan, Urkuluko lakuaren birea gehitu nahi izan ezkero, kilometroak dezente luzatuko dira. Denporea izan ezkero, hitzordu parebakoa.

Bestalde, Urkuluko lakuko birea asfaltotik da, bidegorri itxurakotik, baina inguruetan bestelako aukerak be eskaintzen ditu, eta zinez merezi dabe, eta zelan ganera. Horreen artean, Kurtzebarriko igoerea dogu, nondik eta Urkuluko lakuetatik bertatik. Aparkalekuaren ondoan dagoan bidetxu bertikal batetik abiatuta, Zaraia mendikateko 1.112 metroko tontor honek ikuspegi itzela dau. Inguruetako altuena izan ez arren, ikusi zeinkienez, garaierea badau eta bere zailtasun eta entretenimenduak be baditu. Atxabaltarrek oso maite daben mendia da, eta ez da gitxiagorako, itzela da eta.

Amaitzeko, hona hemen beste proposamen bat: Urkuluko lakutik bertatik Orkatzategi mendira igotea. Atxabaltarrek Kurtzebarri oso maite daben era berean, oñatiarren mendi kutuna da Orkatzategi. Honakoak be urtegiaren ikuspegi ikusgarria dau, eta, horrezaz gan, Araotzeko horma parebakoak eskaletako, Aloñako mendizerra berezia, Aizkorriko mendizerra ezaguna eta Oñati herria bera be bai. Araotz auzotik be igon daiteke, bidea laburragoa da, baina Urkulutik igoteak be badau bere xarma. Gozau daigun, bada, geure inguruez eta sentidu gaitezan libre.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu