Zuzeneko kontzertuen aldeko kanpaineari ekin deutso Musika Bulegoak
2022-12-01 12:25 MusikeaArduratuta dagoz, pandemia ostean sarrera gitxiago saltzen diralako.
Zuzeneko musikeak dakarren esperientzia bakar eta ahaztezina nabarmentzeko asmoz, #GozatuMusikaZuzenean izenburudun kanpainea ipini dau martxan Musika Bulegoak. Musikea bertatik bertara entzuteko ohiturea galtzen doala igarri dabe erakunde horrek zein artistek, eta horregaitik pentsau dabe beharrezkoa dala gizarteari dei egitea.
Pandemiak konsumo aldaketak ekarri ditu musikearen eta zuzeneko ikuskizunen sektorera. Sarreren aurresalmenten beherakada nabarmena dala azaldu dau Musika Bulegoak, hain zuzen be, % 20 bajatu da. Datu hau deigarria baizen kezkagarria da sektorearentzat, dinoe kanpainearen bultzatzaileek. Zuzeneko ikuskizunen ikusgaitasuna handitu eta artista guztien jarraitzaileak zuzeneko emonaldiak konsumidutera animau nahi ditue.
Kanpainearen fase honetarako zera zabaldu nahi dabe, bizi doguna baino ez dogula gogoratuko, eta, beraz, zuzeneko kontzertuetara joatea dala esperientzia musikalik gogoangarriena. Zuzeneko musika, bizi duzuna soilik oroitu dezakezu lemadun kartel eta bestelako euskarrien bidez egingo dabe kanpainea.
Urte amaierara arteko kanpaina honetan, zuzeneko musikearen inguruko kontzientziazinoa indartzeko mezuak zabaltzen dabil Musika Bulegoa. Orain plazaratutakoaren aurretik, Zuzeneko musika itzuli da… Eta zu? leloa erabili eben, orain dala aste batzuk.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!