'Eskatu, eskaini euskaraz' kanpaineak merkataritzan izango dau eragina

Bizkaie! 2022-12-01 11:10   Euskerea berbagai

Dendariak zein bezeroak euskeraz egin deien animauko ditue.

Erakunde ugaritako ordezkariak egon dira aurkezpenean (argazkia: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, foru aldundiakaz, EUDELegaz eta UEMAgaz batera, hirugarren urtez ipini dau martxan Eskatu, eskaini euskaraz kanpainea, Gabonen aurreko asteetan erosketek eta merkataritzeak gizartean daben leku zabala kontuan izanda. Eremu sozioekonomikoan eragiteko ekimena da, batez be, erosketetan eta ostalaritzan.

Markatari eta ostalariei dei egiten deutse kanpaineak, bezero euskaldunei euskerazko arretea eskaintzeko ahalegina egin deien, bakotxaren gaitasunak ixten dauen neurrian. Beste aldean dagozanei, konsumitzaileei, be zuzentzen jake, denda eta tabernetan euskerea erabili deien.

Donostiako udaletxean kanpainea aurkezteko egindako agerraldian, datu positibo bat nabarmendu dau Bingen Zupiria sailburuak: igazko edizinoaren aldean, bat egin daben udalerriak bikoiztu egin dira, aurten 124 dagoz kanpainearen barruan. EAEn UEMAko kide diran 80 udalerriez gan, Arabako beste zortzi, Bizkaiko 22 eta Gipuzkoako 14 dira.

Alkarlanean oinarritutako kanpainea da Eskatu, eskaini euskaraz, Bingen Zupiriaren esanetan: Alkarlana beste erakundeakaz, lankidetzea bezeroak hurretik ezagutzen dituen merkataritza eta ostalaritza alkarteakaz. Herri bakotxaren ohiturak, kanpainak… errespetetako ahaleginez eratu da aurtengo kanpainea be, danentzat ona izango dan kanpaina bateratua.

Abenduaren 4tik 31ra bitartean egongo da martxan. Hortaz, Euskaraldiak martxan jarritako aldaketa sozialen jarraipena izatea da asmoa. Ahobizi edo Belarriprest rolean jarraitzeko bidea luzatzeko aukerea da, dino sailburuak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Bardintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, era honetako kanpainen garrantzia azpimarratu dau, herritarren, konsumitzaileen, ostalarien eta merkatarien kontzientziazinoa eta sensibilizazinoa bultzatzeko. Euskeraz eskaini eta eskatzean, komunidade barruko hartu-emonak indartzen doguz, merkatariek hurreko arretearen alde egiten dabe eta herritarrok, bertoko merkataritzearen alde.

Elena Moreno Merkataritzako zuzendariak dino lekuan lekuko merkataritzea herri eta urietako gizartean eta bizitzan ezinbestekoa dala: Euskal merkatariek euren auzoa eta beharrak ezagutzen ditue. Badakie zelan eta zein hizkuntzatan egiten dauen berba bezeroak.

Eusko Jaurlaritzeak koordinauko dau kanpainea, eta beste erakundeen esku ipiniko ditu materialak eta jarraibideak, bakotxak bere herri edo eskualdera egokitu deizan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu