Casilda Iturrizar-Epaltzaren Alarguna Bekak jaso ditue hamar ikaslek
2022-12-01 10:23 KultureaUri Hezitzaileen Nazinoarteko Egunean egin dau ekitaldia Bilboko Udalak.
DBHko ikasleen bikaintasuna autortu eta ikasten jarraitu deien laguntzeko, Bilboko Udalak urtero emoten ditu Casilda Iturrizar-Epaltzaren Alarguna Bekak. Zemendiaren 30a, Uri Hezitzaileen Nazinoarteko Eguna, aprobetxau dabe aurtengo edizinoko sarituei bekak emoteko ekitaldia atontzeko, Bilboko udaletxean.
Igazko ikasturtean DBHko 3. mailan kalifikazinorik altuenak lortu zituen hamar ikasleek jaso dabe bekea. Gitxienez 8,5eko notadun 279 ikaslek azken azterketa bat egin behar izan eben, eta onenak izan ziran horreek hamarrak. Batxilergoan edo Prestakuntza Zikloetan hasiko diranek 415 euroko laguntzinoa izango dabe; unibersidadera doazanek, 905ekoa.
Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Euskera zinegotzi Koldo Narbaizak hartu dabe parte sariak emoteko ekitaldian. Ikasleak zoriondu eta ikasten segitzera animau ditu Aburtok. Espero dot nahi daben lanbiderako ibilbide akademikoa eta lan-ibilbidea Bilbon topetea, ganeratu dau.
1963an hasi ziran Casilda Iturrizar-Epaltzaren Alarguna Bekak emoten. Urteotan guztiotan, 449 bilbotarrek jaso dabe laguntzinoa. Aurtengo irabazleak honeek dira:
- Gari Santamaria Zamorano. Miguel Unamuno BHI.
- Luar Augusto Delgado. Berrio-Otxoa.
- María Acasuso Zorrilla. Lauro Ikastolea.
- Wu Xiyu. Karmengo Andre Maria.
- Unai Goitia Ayestaran. Calasancio.
- Iker Ameyugo García. Eskurtze BHI.
- Lucía Elorriaga Urresola. Calasancio.
- Anne Iza Machín. Artxandape ikastola.
- Paula Miguel de la Fuente. Miguel Unamuno BHI.
- Eneko Pardo Lopez. San Adrian BHI.
Uri Hezitzaileen Nazinoarteko Eguna
Aurten bigarrenez, Casilda Iturrizar-Epaltzaren Alarguna Bekak emoteko ekitaldia Uri Hezitzaileen Nazinoarteko Egunean egin dau Bilboko Udalak, ezagutzea sustatzeaz gan balioak landuko dituan hezkuntzearen aldeko apustuaren erakusgarri, Juan Mari Aburto alkateak esan dauenez.
Aurtengo adierazpenaren leloa Uri Hezitzailea, Bakearen eta Aukeren Uria da, eta lekuan lekuko gizarte-eragile guztiak mobilizetea dau helburu, ahaleginak batu eta alkarregaz bakea, bizikidetzea, alkartasuna eta inklusinoa sustatzeko.
Aburtok Uri Hezitzaileen Sareak adostutako adierazpen instituzionala aitatu dau: Uri Hezitzaileok, aldaketarako espazioak eregiteko hezkuntzeak dauen funtsezko garrantzia onartzeaz gan, badakigu bide hori ezin dala bakarka egin, aliantzak behar dira gizarte-sektore guztien artean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!