Miel Anjel Elustondo eta Enpresabidea, 2022ko Rikardo Arregi Sarietan irabazle
2022-12-01 09:36 KultureaEuskerazko kazetaritzan eta komunikazinoan egindako lana autortzea da sarion asmoa.
Gazterik hil zan Rikardo Arregi, istripuz, baina Andoain jaioterrian bizirik dago haren memoria, euskerazko kazetaritzearen aintzindari eta bultzatzaileetako bat izan zalako, diktadurapeko urte ilunetan. Haren omenez, urtero emoten dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak, euskerazko komunikazinoan nabarmendu diran norbanako zein entidadeen lana autortzeko.
2022ko edizinoko saridunen barri emon dabe Andoainen egindako ekitaldian. Ohiko moduan, kategoria bitan egon dira irabazleak: Kazetaritza alorrean, Miel Anjel Elustondo; eta Komunikazino atalean, Enpresabidea.eus ataria.
Miel Anjel Elustondok Tonban ehortzirik izeneko erreportaje-sortea plazaratzen dau Berria egunkarian. Euskal kulturan, politikan edo gizartean aitagarriak diran personei egindako fikzinozko alkarrizketak dira. Protagonistak aspaldi hilda dagoz eta, beraz, edukia Elustondoren irudimenaren eta dokumentazino-lan zorrotzaren emoitzea da.
Beste hiru finalistei aitamen berezia egin deutse Rikardo Arregi Sarietan. Honeek dira: Amaia Lekunberri Ansola (Larrun monografikoagaitik), ETBko Biba zuek! saioa eta Xabier Madariagak gidatutako Aske bizi dokumentala.
Beste atalean, Komunikazioan, oraintsu martxan hasi dan proiektu bat aukeratu dau epaimahaiak, Enpresabidea.eus ataria, hain zuzen. Informazino ekonomikoa euskeraz emotea da webgune horren asmoa, era horretako kazetaritzeak behar dauen zorroztasun eta zehaztasuna kontuan hartuta. Nico Cuenca Beristain da zuzendaria eta Donostian eta Bilbon ditu ordezkaritzak.
Aitamena jaso daben beste finalistak honeek izan dira: Aiaraldea komunikazino proiektua, Aiora Mujikaren Probatxoa Youtubeko kontua eta Aiko Taldearen Aikotaldea.eus komunikazino proiektua.
Azkenik, Andoainen egindako ekitaldia aprobetxau dabe Ohorezko Mugarriak emoteko euskerazko komunikazinoaren alde ibilbide luze-luzea daben lagun biri: Elixabete Garmendia kazetariari eta Patxi Baztarrika sailburuorde ohi, aditu eta euskaltzaleari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!