Nazinoarteko adituak egongo dira Bertsolari Txapelketako finala entzuten

Bizkaie! 2022-12-01 08:25   Bertsolaritzea

Inprobisatzaileak eta ikerlariak konbidau ditue Iruñeko saiora.

Atzerriko adituak, adi-adi, 2017ko finalean (argazkia: XDZ) | Ikusi handiago | Argazki originala

Iruñean milazak bertsozale batuko dira abenduaren 18an, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia bertatik bertara ikusi, entzun eta gozetako. Harmailetan, zaleez gan, atzerritik etorritako konbidadu ugari be egongo dira, bertsolaritzearen eta munduko beste inprobisazino batzuen arteko hartu-emonei esker.

Bertsozale Alkarteak azaldu dauenez, hizkuntza ugaritako inprobisatzaileak konbidau ditue Iruñera, baita ahozko literaturea aztertzen dabizan ikerlariak be. Batzuk lehenago be egonda dagoz bertso-saioetan, kanpoko adituak finaletara eta beste topaketa batzuetara ekarteko ohiturea aurreko urteetatik datorrelako.

Kontuak kontu, beste inprobisazino batzuk lantzen dituen alkarte askotako ordezkariak egongo dira finalean: Cor de Carxofa (Katalunia), Glosadors de Mallorca (Balear Ugarteak), Oral Regueifa (Galizia), Xarabanda (Madeira) eta Cordinamentu Artes Musicales et Poèticas de Tradizioni Orali (Sardinia).

Ordezkari horreetako batzuk ezagunak dira Bertsozale Alkarteko kideentzat, lehenago be alkarren arteko topaketetan parte hartu izan dabelako. Esate baterako, 2016ko Europa Bat-batean ekimenaren kontura etorri zan Maribel Servera glosadorea. Sardiniako cantadorien lana zabaltzeaz arduratzen dan Paulu Zedda, barriz, Txapelketa Nagusiko aurreko edizinoko finalean egon zan, BECen.

Galiziarren ordezkaria Sechu Sende izango da, Euskal Herriagaz lotura estua dauen kulturgilea. Bizkaiko Bertsozale Alkarteak eta galizieraz regueifa lantzen daben taldeek Regueibertso antolatzen dabe orain dala urte batzuetatik hona, hango eta hemengo ikasleen arteko trukea.

Alor akademikoan dabizan ikerlariei jagokenez be, mundu guztitik etorriko dira, bertsolaritzeak sortzen dauen fenomeno kultural eta soziala aztertzen: Korsikako kantu inprobisadua lantzen dauen Giovanni Ragni, Brasilgo inprobisatzaile eta doktoregai Edmilson Ferreira, puntu kubatarrean aditu Amaya Carricaburu, Oviedoko Unibersidadeko antropologo Jesus Fernandez eta Columbia Unibersidadeko neurologo Rafael Yuste.

Euskal Herriagaz eta euskal kultureagaz lotutako ikerlariek be ez dabe hutsik egingo. Besteak beste, Nevada-Reno Unibersidadeko Euskal Ikasketetako kideak, EHUkoak, Nafarroako Unibersidadekoak...

Euskeraz ez dakien aditu eta inprobisatzaileei laguntzeko, bat-bateko itzulpenak eta beste erraztasun batzuk eskainiko ditu Bertsozale Alkarteak.

Orain dala mende lauren hasitako bidearen emoitzea da nazinoarteko inprobisatzaileen sare zabala. 1990eko hamarkadan konturatu ziran Bertsozale Alkartekoak munduan baegozala antzeko beste tradizino batzuk. Kantu inprobisaduaren topaketa batera joan ziran Koldo Tapia eta Andoni Egaña.

Denporeagaz, gero eta topaketa gehiagotan parte hartzen hasi ziran bertsolariak, eta Euskal Herrian be antolatu ditue batzuk, esate baterako, 2003ko Ahozko Inprobisazioa Munduan. Sortutako hartu-emonei esker, bertsolariak Mexikon, Sardinian, Zipren, Katalunian eta beste leku askotan ibili dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu