Mikel Urdangarinek 'Badena eta ez dena' diskoa aurkeztu dau
2022-11-30 13:28 MusikeaKanturik esanguratsuenen bersino sinfonikoak batzen dituana.
Mikel Urdangarinek Badena eta ez dena diskoa aurkeztu dau, zornotzarraren 19.a. Proiektu horretan Bilbao Orkestra Sinfonikoak parte hartu dau, bere sorrerearen mendeurrenaren eta Mikel Urdangarinen 25. urteurrenaren ospakizunen barruan.
Badena eta ez dena azken urte bietan landutakoa da eta Urdangarinen errepertorio zabaleko kantu esanguratsuenetako batzuk batzen ditu, orkestrarako
egokituak.
Mikel Urdangarinegaz batera, Ibon Aranbarri, BOSeko Zuzendari Nagusia; Iker Sánchez Silva, orkestrako zuzendaria proiektu honetan; Bingen Mendizabal, orkestrarako kantuen egokitzapenaren arduraduna; eta Koldo Uriarte, produktore eta moldatzailea, izan dira prentsaurrekoan.
Proiektu honek Bizkaiko eta Euskal Herriko kulturearen erreferente bi batu ditu jagokezan urteurrenetan: Mikel Urdangarinentzat ames baten gailurra da, egia bihurtu dan amesa: Abesti propioak, Bilbao Orkestra Sinfonikoak interpretauta entzutea ohore handia da. Ilusino eta ardura handiz heldu geuntsan lan honi, hasieratik zeozer gehiago eskaini nahi izan gendualako, ez bakarrik orkestrarako bersinoak.
Ibon Aranbarrik, BOSeko Zuzendari Nagusiak, nabarmendu nahi izan dau eurentzat ohore handia izan dala Mikel Urdangarinegaz lan egiteko aukerea izatea eta haren abesti esanguratsuenetako batzuk batzea baina proposamen barri lez interpretauta. Azpimarratu dauenez, BOSentzat garrantzitsua da euskal sortzaileakaz lan egitea eta geure kulturearen transmisinoan laguntzea. Testuinguru horretan, Mikel Urdangarin da bere belaunaldiaren erreferentea.
Urdangarinek bere dream team berezia osotu dau proiektu honetan, profesional handiak batu ditu, beraren musikea eta ibilbidea oso ondo ezagutzen dituenena eta batzuek bere taldean parte hartzen dabe edo parte hartu dabe, Bilbao Orkestra Sinfonikoaren lana be ezagutzen dabe, baina, gainera, ondokoa azpimarratu dau: Lagun handiak gura izan ditut alboan, profesional onak, jakina, baina persona hobeak. Eta hori oso garrantzitsua zan proiektu intimo eta personal hau gauzatu ahal izateko. Plazer handia izan da hareekaz lan egitea, ohore handia.
Bingen Mendizabal arduratu da aukeratutako ia kantu guztiak orkestrarako egokitzeaz eta Mikel Urdangarinegaz be parte hartu dau hautaketa horretan. Abesti bakotxarentzat uniberso musikal barri bat sortzeko erronkeari aurre egin deutso eta jatorrizko tonutik eta, batzuetan, erritmotik aldentzeko erronkeari. Horreetako bakotxak gorputz barri bat hartu dau, beste esentzia bat.
Koldo Uriarte Urdangarinen bandako kidea da eta bera da lan honen produktorea. Uriarteren esanetan, proiektu hau oso interesgarria da, hirurek alkarregaz lan egiten dabelako. Lan honek Mikel Urdangarinen proposamenean bilakaera profesional handia dakarrela eta euskal artistek BOSegaz dituen beste proiektu batzuen aurrean ikuspuntu barri bat eskaintzen dauela be adierazo dau.
Iker Sánchez Silvak zuzendu dau Bilbao Orkestra Sinfonikoa proiektu honetan, bai diskoa grabetako, bai joan dan abuztuan Bilboko Aste Nagusian proiektu hau estreinau eban zuzeneko kontzertuan be.
Ohorea eta ilusinoa nabarmendu dabe proiektuaren alderdi artistikoan inplikautako ganerako kideek be.
Mendizabal soinu-banda handien eta askotariko piezen interpretatzaile eta konpositorea da eta Mikelen lagun personala be bai eta horrek berezitasun intimoa emon deutso lanari. Bingen Mendizabalek hasieratik ezagutzen dau Urdangarinen ibilbide musikala eta urte askoan izan zan bere taldeko kide: Erronka konplejua eta ilusionagarria izan da, exijentzia maila handikoa, baina sormenaren aldetik bere lanik ederrenetako bat da. Mikelen ibilbidean nire ustez proiektu hau mugarri bat da, diskoz disko eboluzino handia ikusten dalarik.
Koldo Uriartek eta Iker Sánchez Silvak be azpimarratu dabe ohore handia izan dala Urdangarinegaz lan egitea. Lagun handia, baina, gainera, musikari buruzko begirada eta musikea biziteko filosofia lez ulertzeko modu bera konpartiduten dauena.
Iker Sánchez Silvak, orkestra-zuzendari eta Bilbao Sinfonietako buruak oso ondo ezagutzen ditu Mikel Urdangarinen lana eta ibilbidea, baina, gainera, urte bitan ibili das Bilbao Orkestra Sinfonikoko zuzendari laguntzaile lez. Proiektu hau, gainera, Urdangarinen ibilbide profesionalean mugarri bat dala nabarmendu dau, lan bakotxean beti eboluzionau baitau eta melodia zein letrak gai guztietan jagoten baititu. Badena eta ez dena publikoarentzat proiektu erakargarria izango dala uste du.
Badena eta ez dena
Badena eta ez denak 15 kantu batzen ditu. Horreetatik 13 Urdangarinen kantutegi ezagunaren parte dira. Holan, Urdangarinen ibilbide luzea laburbatzen daben abestiak dira eta, besteak beste, Haitzetan, Bazkalosteko kafea, Anek idatzi dit zutaz eta Agian irailean lako abesti ezagunak badagoz. Eta barriagoak be bai, besteak beste, Itsasoan euria edo Hiru ahizpatik bigarrena.
Badena eta ez dena izenburuak Badira hiru aste kantuari egiten deutso aitamena, Urdangarinek berak bere errepertorio zabalaren artean gustukoenetakoa dauena.
Diskoan kantu barri bi dagoz: Obertura bat, Bingen Mendizabalek konposautakoa; eta kantu barri bat, Kontatu, barriz, Mikel Urdangarinek konposautakoa, Bingen Mendizabalek moldatua eta Kirmen Uribek idatzia.
Grabazioa joan dan udearen amaieran egin eben Euskalduna Jauregian eta Gasteizko URA estudioetan.
Abesti bi beste profesional batzuen moldaketak dira: Kideari Grammy latinoa irabazi dauen Fernando Velazquezen egokitzapena da; eta Koldo Uriarte lan honen produktoreak Munduari begiratzeko modu bat kantuaren moldaketak egin ditu.
Kontuak kontu, Mikel Urdangarinen zigiluagaz argitaratu da. Gaur aurkeztutako diskoa denda fisikoetan eta plataforma digitaletan egongo da salgai datozen egunetan. Eta Mikel Urdangarinek Durangoko Azokan be parte hartuko dau abenduaren 7tik 11ra, Musikaren plazan 53an izango dan stand propioagaz.
Badena eta ez denaren zuzeneko kontzertuak
Zezeilaren 25ean, Mikel Urdangarinek eta BOSek kontzertua eskainiko dabe Muxikebarrin, Getxon.
Epe luzerako proiektua da eta gure mugetatik urtetea be espero da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!