Hernani eta Asteasu UEMAn sartuko dira

Bizkaie! 2022-11-30 12:41   Euskerea berbagai

Danetara 96 udalerri egongo dira.

Hernaniko kaleak, bizi-bizi (argazkia: Hernaniko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Orain arte, Hernanik ez zituan beteten UEMAko kide izateko baldintzak, hau da, euskaldunen indizea % 70 edo gehiago izatea; baina Eustatek emondako azken datuek aldatu egin dabe egoerea. Hortaz, Hernaniko Udaleko batzarrak erabagi dau Udalerri Euskaldunen Mankomunidadean sartzeko eskaria egitea.

Hernaniko Udalaren erabagiari gehitu behar jako Asteasuko Udalarena. Tolosaldeko herri horretan % 86tik gorakoa da euskaldunen indizea, UEMAn sartzeko nahikoa, baina orain arte udalbatzak ez dau erabagia hartu. Arnasguneetan euskerearen egoerea txarrera doala eta Asteasun bertan erabilereak behera egin dauela ikusita, zinegotzi guztiek aho batez emon deutse baiezkoa UEMAri.

Abenduaren 17an Batzar Nagusia egingo dau UEMAk. Urteko kontuak azaldu, egindakoak jorratu eta aurrera begirako erronkak aztertzeaz gan, Asteasu eta Hernaniren hautagaitzak onartuko ditue bertan. Modu horretara, 96 kide izango ditu UEMAk eta ia 300.000 biztanleko eremua hartuko dau.

Hernani

Azken erroldearen arabera, 20.362 biztanle ditu Hernanik, beraz, UEMAko udalerri jentetsuenetan bigarrena izango da, Zarautzen atzetik. Euskaldunen indizea (euskaldun osoak gehi ia euskaldunen erdiak batuta) % 70ekoa da, justu-justu. Euskerearen ezagutzeak gora egin dau Hernanin, baina etxeko erabilerea eta euskerea lehen hizkuntzea daben herritarren ehunekoa beherantz doazala ohartarazo dau Udalak.

Datu soziolinguistikoek dinoenez, kaleko alkarrizketen heren bat inguru dira euskeraz (2011n ia % 40 ziran). Umeek erabilten dabe gehien (% 47,5) eta edadekoek gitxien (% 12,8). Etxe barruan, herritarren % 25,9k dino euskeraz egiten dauela euskeraz; baina erdiak baino gehiagok gaztelaniaz.

Asteasu

2021eko erroldan 1.549 biztanle ditu Asteasuk. UEMAn sartzen dan Tolosaldeko 22. udalerria da. Hernaniren aldean, Asteasuren ezaugarri demografiko, ekonomiko eta sozialak diferenteak dira, beraz, hizkuntzearen erabilereari jagokozanak be bai.

Hain zuzen be, asteasuarren % 86,75 dira euskaldunak edo ia euskaldunak eta kaleko alkarrizketen % 73 euskeraz dira. Baina datuok badabe alde iluna be, 2017an %86koa zalako kaleko erabilerea. Ume eta gazteen artean datuak hobeak dira.

Ezagutzea ez doa beherantz Asteasun, baina bai kale eta etxeko erabilerea, eta gora egiteko baliabideak beharrezkoak doguz, arnasgunea garen arren aldaketen aurrean zaurgarriak garelako oraindino, adierazo dau Pili Legarra alkateak.

Datuetan aldeak egon arren, Hernani eta Asteasu euskerearen inguruko ardureak batzen ditu, batez be erabilereari jagokonez. Udalerri euskaldunetan be erderen eragina agirikoa dala ikusirik, alkartuta indar handiagoa egingo dabelakoan, UEMAn sartzea pentsau dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu