Bilboko finalaurrekoan ezagutuko doguz finalista guztien izenak
2022-11-30 10:33 BertsolaritzeaAbenduaren 3an, zapatuan, da hitzordua, Bizkaia Frontoian.
Zapatuan amaituko dira 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurreko luzeak (itzuli bi, zazpi saio). Bilbon jokatuko da finalaren aurreko azken saioa, Bizkaia Frontoian (17:00). Finalista izango diran bertsolarien izenak puntuen sailkapenaren arabera ezagutuko doguzanez, Bilbon epaileek emoten daben ebatziaren zain egon beharko gara Iruñeko oholtzan nortzuk egongo diran jakiteko.
Gauza jakina da Maialen Lujanbiok abenduaren 18ko finala jokatuko dauena, txapeldun izateagaitik horretarako eskubidea dauelako. Alaia Martin be Iruñean izango da, sailkapen nagusiko matematikek ez dabelako beste aukerarik ixten. Ganerakoak, baina, Bilbora begira egongo dira zapatuan.
Honeek sei bertsolariok kantauko dabe Bizkaia frontoian: Aitor Mendiluzek, Amets Arzallusek, Joanes Illarregik, Jone Uriak, Maddalen Arzallusek eta Saioa Alkaizak. Horreetako bik, Mendiluzek eta Illarregik, esku-eskura dabe finalerako txartela, lehenengo itzulitik dakarren puntuazino onari esker.
2013an txapeldun izandako Amets Arzallus be finalean sartzeko faboritoen artean dago. Puntu aldetik polito ibili zan lehenengo itzulian, baina ezin dau hutsik egin Bilboko saioan, bestela lehenengo zazpiretatik kanpo geratu leiteke. Saioa Alkaizak be baditu aukerak, baina urriagoak. Jone Uriak eta Maddalen Arzallusek, ostera, urrun dabe finala.
Bilboko saiorako sarrerak salgai dagoz Bertso Sarrerak plataforman. Ganera, Bizkaie!-n sarrera bikotx bi emongo doguz gure sare sozialetako jarraitzaileen artean. Erraza da parte hartzea, geure Instagrameko kontuan plazaratuko dogun deialdian eskaria egin baino ez; gaur, eguaztena, hasiko gara, beraz, adi ibili eta animau!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!