Enkarterriko emakumeen memoria landu dabe 'Amama influencer' proiektuan
2022-11-29 12:28 KultureaSodupeko Eretzaberri Institutuko ikasleak eta eskualdeko edadekoak parte hartzen dabiz.
Memoria historikoa berreskuratzea eta, batez be, lehengo emakumeen bizipenak eta ekintzak argitara ekartea dira Amama influencer proiektu barriaren asmoak. Enkarterri eskualdean lantzen dabizan egitasmoa da, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen Bardintasunaren II. Planaren barruan eta Enkarterriko Museoaren laguntzinoagaz.
Azken asteetan, Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleek eta eskualdeko edadeko emakumeek alkarregaz landu dabe proiektua. Emakumeen ahotsa isilduta egon da luzaroan, eta horri bueltea emoteko, gazteei euren kontakizuna eta bizipenak kontau deutsez, gomutak ahaztu ez daitezan. Ganera, sare sozialen bitartez zabalduko ditue.
Proiektu pilotu moduan ekin deutse egitasmoari, gehienbat Kadagua ibaiaren ertzeko industrializazinoagaz lotutako bizipenak emakumeen ikuspegitik berreskuratzeko asmoz. Edadeko 18 andra alkarrizketatu ditue Eretzaberri Institutuko gazteek, entzute aktiboaren bidez, eta XX. mendeko fabriketan emakumeek egin eben ekarpena ezinbestekoa izan zala ikusi dabe.
Diziplina ugari batzen dituan proiektu honek zabalkundearen fasea hasi dau orain. Batetik, sare sozialak erabiliko ditue gazteek, emakumeen bizipenak eta memoria gizarteratzeko. Esan leiteke influencer bihurtu dirala 18 andrak, eta hortik egitasmoaren izenburua. Bestetik, Enkarterriko Museoan urte amaierara arte ikusgai dago Lantegietako emakumeak erakusketea.
Esperientzia benetan ona izan dala adierazo dau Ainara Arranzek, Enkarterriko Museoko Hezkuntza arduradunak. Ikasleen parte-hartze eta erantzun positibo handia nabarmendu ditu. Lehenengo edizinoa proba pilotua izan bada be, arrakastea ikusita, datorren urtean barriro egitea pentsau dabe.
Amama influencer proiektua aberasgarria izan dala azaldu dabe Eretzaberri Institutuko irakasleek: Alde batetik, Kadagua bailarako prozesu industrializatzaile guztia bertatik bertara ikasteko aukerea emoten jaku, baita eraldaketa sozialak, urbanistikoak eta ingurumenekoak be. Beste alde batetik, amamen historiari erreparatzen badeutsagu, emakumeek historian zehar izan daben bizitza eta ekarpena ezagutu eta autortuko dogu. Gai horreek askotan geratu dira alboratuta testuliburuetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!