Bertsolariak gidari Bizkaiko Museoetan

Bizkaie! 2022-11-29 09:21   Euskerea berbagai

Abenduaren 3an eta 4an egingo dabe Gida Bira.

Foru Liburutegian aurkeztu dabe Gida Bira (argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskerearen Nazinoarteko Egunaren kontura, Bizkaiko museoetako ondarea modu barritzailean gozetako ekimena jarri dabe martxan hainbat eragilek, euskerea eta bertsolaritzea bisitaldi gidatuakaz buztartuta. Izan be, Gida Bira ekimenean, museo eta erakusketa aretoetako azalpenak bertsotan emongo ditue bertsolari ezagunek.

Bizkaiko Foru Aldundiaren jaubetzako museo eta aretoetan egingo dabe Gida Bira, abenduaren 3an eta 4an, goizez. Aldundiagaz batera, Euskerearen Etxea dabil ekimena atontzen. Museoetan euskerearen erabilerea sustatzeko, 2021ean, Ondarea berbetan ipini eben martxan, eta haren bidetik dator Gida Bira 2022an.

Honeek dira Gida Bira-n parte hartuko daben museo eta aretoak: Bakioko Txakolingunea, Balmasedako La Encartada Fabrika-Museoa, Bermeoko Arrantzaleen Museoa, Bilboko Arkeologi Museoa, Ondare Aretoa eta Rekalde Aretoa, Gernikako Euskal Herria Museoa, Kortezubiko Santimamiñe, Muskizko El Pobal Burdinolea eta Punta Begoñako galeriak. 

Bertsolariak, ostera, honeek izango dira: Ibon Ajuria, Aitor Etxebarriazarraga, Oihana Bartra, Ander Elortegi, Imanol Uria, Miren Amuriza eta Jone Larrinaga. Honeei gehitu behar jake Yogurinha Borovak egingo dauen bisitaldi berezia.

Bisita gidatu bereziotan parte hartu nahi dabenek izena emon behar dabe aurretiaz. Horretarako, areto edo museo bakotxagaz bat egin beharko dabe interesdunek.

Euskereak munduari begiratzeko modu bat eskaintzen deusku, eta oraingoa bertsolarien bidezkoa izango da, bisitariei esperientzia kultural berezi eta erakargarria emoteko helburuagaz, adierazo dau Bizkaiko Kultura diputadu Lorea Bilbaok.

Euskaraldia, Bertsolari Txapelketa Nagusia eta Euskerearen Nazinoarteko Eguna, hirurak batera datoz aurten: polita iruditu jaku gure museoetan keinu berezia egitea testuinguru horri, dino Bilbaok. 2023an Europak ondare immateriala oso gogoan izango dau eta ekimen honen bidez aurreratu egingo gara, gurean hain garrantzitsua dan eta nazinoartean be erreferente dan bertsolaritzea museo eta aretoen erdian jarri nahi dogu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu