Gasteizko toponimiaren zortzigarren alea aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2022-11-28 13:53   Euskerea berbagai

Elena Martinez de Madina da Dibiña I liburukiaren egilea.

Roberto Gonzalez de ViƱaspre, Elena Martinez de Madina, Gorka Urtaran eta Andres Urrutia (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteiz, uriburua izateaz gan, Arabako udalerririk zabalena be bada, herri, auzo eta paraje ugari ditu bere lurretan. Horregaitik, Udalagaz egindako hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindia pixkanaka dabil bertako toponimia batu, aztertu eta argitaratzen. Gasteizko Toponimia VIII liburukia aurkeztu dabe orain, Dibiña I izenekoa.

Etxezarra eraikinean egindako ekitaldian, Gasteizko alkate Gorka Urtaran eta Andres Urrutia euskaltzainburua egon dira, baita Roberto Gonzalez de Viñaspre be, euskaltzaina eta Akademiaren Arabako ordezkaria. Eurakaz batera, agerraldian hartu dau parte Elena Martinez de Madina ikerlariak, Ibiña I liburukiaren egileak.

Argitalpen hau, Dibiña merindadearen azterketearen lehen zatiari jagoko eta Abetxuku, Andetxa, Arangiz, Foronda, Lopida, Mendiguren eta Ihurre herrietako toponimia batzen dau, zehaztu dau Martinez de Madinak. Aurrerago, eremu horri jagokon bigarren liburukia be argitaratuko dabe.

Gasteizko toponimia osoa batzea egundoko lana da, Euskaltzaindiak 400.000 sarreradun datu-basea darabil. Orain aurkeztutako liburukirako, Martinez de Madinak horreetako 27.000 inguru erabili ditu. Behin azterlan nagusia eginda, argitalpenera ekarri ditu 10.200 dokumentu-lekukotasun eta 1.106 sarrera toponimiko. Hori guztia hurrenkera egokian ipini dau Martinez de Madinak, inguru haretako leku-izenak aztertu edo ezagutu nahi dituanak erreferentziazko obrea emoteko.

Apurka-apurka badoa, beraz, Gasteizko Toponimia egitasmoa gorpuzten, Elena Martinez de Madinaren urte luzetako ahaleginari esker. Malizaeza, Ubarrundia eta Langraiz merindadeetako azterlanak plazaratu zituan Euskaltzaindiak lehenengo (lau liburuki), ondoren Arratzua etorri zan (hiru liburuki) eta orain Dibiñako lehenengo alea heldu da, laster bigarrena be ateratzeko asmoz.

Gogoan izan behar da, Gasteizko udalerriak, uria bera eta beste 64 udalerri hartzen dituala barruan. Herri txiki askok osotzen dabe Gasteiz eta bertan mendiak, ibaiak, larreak eta haranak dagoz, adierazo dau Gorka Urtaran alkateak. Izen asko euskeratik datoz, eta horri esker ikusten dogu udalerriaren zuztarretan eta bihotzean gure hizkuntzea dagoala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu