Idurre Eskisabel izango da Euskalgintzaren Kontseiluaren idazkari nagusia

Bizkaie! 2022-11-28 13:06   Euskerea berbagai

Paul Bilbaoren lekua hartuko dau.

Idurre Eskisabel (argazkia: Kontseilua) | Ikusi handiago | Argazki originala

Paul Bilbao Sarriak 12 urte egin ditu Euskalgintzaren Kontseiluaren buru, baina lekukoa pasauko deutso Idurre Eskisabel Larrañagari. Abenduaren 6an Kontseiluaren 25. urteurrena ospatzeko Durangon egingo daben batzarrean bihurtuko da Eskisabel erakunde horretako idazkari nagusi.

Izan be, 1997ko abenduaren 6an sortu zan Euskararen Gizarte Eragileen Kontseilua, hizkuntzearen normalizazinoa indartzeko gizartean zein politikan eragiteko asmoz. 2019tik, Euskalgintzaren Kontseilua dau izena. Lehenengo idazkari nagusia Xabier Mendiguren Bereziartu izan zan, 2010era arte. Paul Bilbaok hartu eutsan lekukoa eta orain Idurre Eskisabelen txandea da.

Ilusino eta erantzukizun handiz jaso dau Eskisabelek Kontseiluko ardura nagusia beteteko proposamena. Euskalgintzeak ekin deutso askotariko eremuen arteko zubi lana egiteari, eta bide horretan sakontzen segitzeko asmoa dot, adierazo dau. Euskeran, kulturan eta hezkuntzan dabizan erakundeakaz hartu-emonak landu nahi ditu, baita eremu sozioekonomikoan, eskubide sozialetan, migrazinoan, feminismoan, LGTB+ mobimentuan, eremu digitalean, gazterian eta beste askotan dabizanakaz be. Hizkuntzearen gaia erdigunera eroateko lan egingo dauela iragarri dau.

Idurre Eskisabel Larrañaga 1970ean jaio zan, Beasainen. Kazetaritzan eta Antropologian lizentziaduna da EHUn, eta kazetaritzan ibilbide luzea dau: Euskaldunon Egunkarian eta Berrian behargin izan zan, eta hainbat hedabidetan kolaboratzaile, besteak beste, Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Euskalerria Irratian. Gaur egun, Jakin aldizkariko eta pentsamendu feminista euskeratzen dabilen Eskafandra bildumako kontseilu editoreetako kidea da. Ondas Saria jasotako Lokatza podcasteko egileetarikoa be bada.

Horrezaz guztiaz gan, Eusko Jaurlaritzako Euskerearen Aholku Batzordeko kidea da, Hizkuntza eta Genero atalean. Lanbidez EHUko Kazetaritza Saileko irakaslea da, eta bertan prentsa edizinoa, irratigintzea eta informazino generoak irakasten ditu.

Produkzino literarioari jagokonez, 2018an Goseak janak poema liburua plazaratu eban Eskisabelek, Susa argitaletxearen eskutik. 2019an, Lorea Agirregaz batera, Trikua esnatu da. Euskaratik feminismora eta feminismotik euskarara argitaratu eban, euskalgintzearen eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea aztertzen dituan liburua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu