14 urte igaro ondoren, Patrice Dumora Watson-ek 'Bobi' izeneko diskoa plazaratu dau

Bizkaie! 2022-11-28 09:42   Musikea

Bakarka ataratako bigarren diskoa da.

Bobi lan intimoa da, Patrice-ren unibersoa erakusten dauena, folka, popa eta rocka buztartzen dituana, disko eklektikoa Dumoraren, bere bidaia propioa dakarrena, barruko zein kanpoko bidaiak dira. Disko hau, barruraino sartzen dan horreetakoa da. Patrice Dumoraren unibersora bidaia da Bobi, bere estilo personala eta ahots parebakoaz gozetako aukera barri bat.

Patricen lanari aberastasun erraldoia ekarri deutse musikariek: Frederic Gaillardet pianistea, Maddalena Luzzi eskusoinua eta ahotsak, Raphaël Ferreira baxua, Pierre Sangla bateria eta ahotsak eta Romain Larregain gitarristea. Letragileak: Amets Arzalluz, Ortzi Idoate eta Beltzane Obanos izan dira. Patricek, Tom Waitsen doinu bati ezarri deutso letrea. Paxkal Etxeparek, grabaketa eta nahasketa lanak egin ditu. Lorentxa Saraguetak lan grafikoa eta Odei Barrosok (Alkimia Productions), Teasera eta bideoklipa.

Patrice Dumora

Landatan, Dax-en jaio zan eta bertan bizi da gaur egun be. Dax-en eta Tarbesen kontzertu batzuk emon ondoren, 1975. urtean, Paco Ibañez, Isabel Parra eta Patricio Castillogaz batera, kontzertua eskaini eban. Aurrerago, laurogeigarren hamarkadearen hasieran, Heclypse taldean ibili zan Jean Mary Ecay gitarrista handiagaz, baita African Spirit-en be; aurrerago Les Stores eta Gazteok taldeak eta lehenengo diskoa etorri zan. Gazteok taldean egoala euskerea ikasten hasi zan AEK-n eta Akelarre taldeagaz be ibili zan 2000. urtera arte.

2001. urtean, Zorriak taldea sortu eban eta Violent Femmes ospetsuaren bersinoakaz be ausartu arren 2007an desagertu egin zan taldea. Kontu da ze Dumora Nat Cazarrégaz be joten hasi zan, Nat eta Watson bikotea osotuz. Euskeraz, gaztelaniaz frantsesez, ingelesez, italieraz eta eta okzitanieraz kantetean eben. Bien bitartean, Dumorak bere kantu propioak sortzen be baebilen eta Xabi Pery aurrez aurre izan ebanean, diskoa grabetea proponidu eutson; Patrice Duymorak gustora hartu eban konbidapena eta Zedrik (Zorriak) eta Nat gitarristeagaz batera beharrean hasi ziran.

Entzun Bobi disko barriko Zaldun hiltzailea.

Kontzertuak

2022/12/01 Malatesta PGK – Txantrea Iruñean.

2022/12/03 Pyrénnés ostatuan – Baiona.

2022/12/11 Durangoko Azokan – Durango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu