Ahotsenean 47 taldek igongo dabe oholtzara

Bizkaie! 2022-10-20 13:49   Musikea

Banda hasibarriak eta beteranoak tartekatuko dira egitarauan.

Keia taldeak Ahotsenean joko dau | Ikusi handiago | Argazki originala

Abenduaren 7tik 11ra, 57. Durangoko Azokearen barruan, Ahotsenea guneak goiz eta arratsaldez hartuko ditu euskal musikagintzearen azken nobedadeak, zuzeneko kontzertuz betetako egitarau zabalari esker. Azokako arduradunek emondako datuaren arabera, aurten 47 talde eta bakarlari pasauko dira bertatik. Ahotsenean egongo da aurten zuzenekoen agertokia.

Bost eguneko musika maratoia izango dala agindu dabe Ahotseneakoek. Modu horretara, zuzeneko kontzertu eta literatura aurkezpenen gunearen 15. urteurrena modu bikainean ospatu ahal izango dabe.

Estilo ugaritako doinuak entzun ahal izango ditu publikoak, danak azkenaldion plazaratutako lanetakoak. Dana dala, antolatzaileen arabera, pop eta rock doinuak dira nagusi, adibidez, Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Saia Goait, Ezpalak, Pasadena eta beste askok lantzen dituenak.

Beste estilo batzuei jagokenez, Bengok eta Odeik hip-hopa eroango dabe; Bolbora eta Sutan-ek, ska-reggaea; Mugan taldearen folk doinuak be entzungo doguz. Jazza eta soula Arima Soul-en esku egongo dira.

Talde hasibarriak eta beteranoak, bietatik entzun ahal izango dogu Ahotsenean. Holan, Goxua N' Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera eta Mirua bertan izango dira, baita Delirium Tremens, Willis Drummond eta Kokein be.

Bakarlarien artean, Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson aitatu ditue. Bestetik, Bilaka kolektiboak musikea eta jantzea buztartuko ditu emonaldi berezi batean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu