Baionan izango da hurrengo finalaurrekoa

Bizkaie! 2022-11-25 11:19   Bertsolaritzea

Finalean sartzeko ahalik eta puntu gehien batu beharko ditue sei bertsolariek.

Baionan kantauko daben sei bertsolariak | Ikusi handiago | Argazki originala

2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartzea karu egongo dala garbi geratu zan pasa dan astean, finalaurrekoetako bigarren itzuliko lehenengo saioan. Zapatuan, hilak 26, izango da hurrengo hitzordua, Baionako Lauga Gelan, 17:00etan.

Lehen itzulian goi-goian zein apal ibili ziran sei bertsolarik alkarregaz kantauko dabe Baionako saioan. Beñat Gaztelumendik eta Sustrai Colinak aukera ederra dabe barriro finalean kantetako, lehenengo itzuliko lan onari eusten badeutse.

Julio Soto eta Nerea Ibarzabal be Iruñerako txartela eskuratzeko hautagaien artean dagoz, baina sailkapenean salto handiagoa egin beharko dabenez, Baionan egundoko saioa egitera behartuta dagoz. Azkenik, Lauga Gelan izango dira Unai Agirre eta Eñaut Martikorena be; sailkapenean atzean dagozanez, presino barik urtengo dabe, gozetera.

Sei bertsolarion jarduna gidatzen, Ainhoa Larretxea ibiliko da gai-jartzaile. Epaileak, honeek: Ainhoa Sarasua Lascaray, Aitor Jimenez Tolosana, Amaia Otxotorena Gamio, Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Mirari Azula Aurrekoetxea, Nerea Bruño Artazkoz eta Zigor Leunda Eizmendi.

Baionako saiorako sarrerak eskuragarri dagoz interneten, Bertso Sarrerak webgunean. Ganera, egunean bertan, 15:00etan txarteldegia edegiko dabe, eta hor sarrera gitxi batzuk egongo dira salgai. Bestetik, Bizkaie! webguneko irakurleen artean saio batzuetarako sarrerak banatzen gabiz; abenduaren 3an Bilbon jokatuko dan azken finalaurrekorako izango dira hurrengoak.

Bertsolariek itzuli bietan lortutako puntuen baturearen arabera egingo da azken sailkapena. Horregaitik, finalaurrekoetako saio guztiak jokatu arte ezin izango doguz finalisten izenak jakin. Oraingoz, holan dago sailkapena:

Alaia Martin (2) 1.405,5

Aitor Bizkarra (2) 1.329

Oihana Iguaran (2) 1.321

Agin Laburu (2) 1.301

Onintza Enbeita (2) 1.272

Miren Artetxe (2) 1.240

Aitor Mendiluze 726,5

Beñat Gaztelumendi 716,5

Joanes Illarregi 711

Sustrai Colina 710

Amets Arzallus 688

Julio Soto 686

Agin Laburu 677

Nerea Ibarzabal 673

Saioa Alkaiza 662

Jone Uria 660,5

Unai Agirre 652,5

Eñaut Martikorena 636,5

Maddalen Arzallus 635

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu