Aisialdia euskeraz eta doban, Bilboko Hala Birala! programan

Bizkaie! 2022-11-25 10:18   Euskerea berbagai

10 eta 11 urteko gazteentzako jarduerok Gabonetan egingo ditue.

Bilboko Udalak eta Azkue Fundazinoak euskerazko aisialdirako programea atondu dabe, Hala Birala! izenekoa, uriko 10 eta 11 urteko gaztetxuak gogoan. Gabonetako oporraldia aprobetxauta, abenduaren 26tik 29ra egingo ditue egitarauak dakarzan lau tailerrak.

Batez be, sare sozialen erabilereagaz eta ikus-entzunezko baliabideakaz lotutako gaiak landuko ditue Hala Birala! programako tailerretan. Esaterako, sare sozialetan edukiak euskeraz sortu, editau eta konpartiduten ikasiko dabe parte-hartzaileek, eta hori segurtasunez eta erraz zelan egin. Goizez egingo ditue (09:00-13:00), danak Euskerearen Etxean.

Udalak azaldu dauenez, programearen helburu nagusia da gazteek trebetasun eta gaitasun barriak ikastea, eta, aldi berean, euskerearen erabilerea sustatzea eskolatik kanpo, aisialdian. Ganera, tailerrok lagundu egingo deutse familiei Gabonetako oporraldietan lan-bizimodua eta familia-bizimodua buztartzen.

Hamar laguneko hainbat taldetan banatuko ditue izena emondako gazteak. Hortaz, danetara, 160 lagunentzako lekua egongo da. Parte hartzea doban dan arren, aurretik izena emon behar da, Udalaren webgunearen bidez. Zemendiaren 28an hasiko da izena emoteko epea, 09:00etan.

Ahalik eta gazte gehienek parte hartu ahal izan deien, bakotxak saio bakarrean emon ahal izango dau izena. 10 eta 11 urteko neska-mutilak onartuko ditue, hau da, 2010ean edo 2011n jaioak.

Argibide gehiago hemen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu